Teknologia albisteak

Kanadan, funtzionario elebidunak nahiago

Erabiltzailearen aurpegia
Asto Rider
2002-11-14 : 09:11

Lucienne Robillard, Kanadako Herri Administrazioen (Conseil du trésor) ministroak ultimatum bat bidali die goi mailako funtzionario elebakar guztiei: lanpostuaren hizkuntza eskakizunetara 2003ko martxorako egokitzen ez badira, «ondorioak jasan beharko dituzte».

Kanadako Hizkuntza Ofizialen Komisario Dyane Adam-ek bere urteko azken txostenean gomendatu zion Herri Administrazioen Ministerioari «lanpostu elebidunak identifikatu eta hornitzeko politika berrikusi» behar zuela, «zerbitzu elebidunak eman behar dituzten bulego federal guztiek behar bezalako langile elebidunak dituztela ziurtatzeko». Baita ere, Komisarioak eskatu zien Herri Administrazioen Ministerioari eta Funtzio Publikoko Batzordeari «lanpostu elebidunetan diren langileen hizkuntza mailari buruzko azterketak aldian behin egiteko mekanismoak ostera erabiltzen hasteko», ebaluaketa horiek bazterrean utziak baitziren aspaldi.

Azken batean, lanpostu elebidunetan izendatutako goi mailako funtzionario asko ez da frantsesez hitz bat egiteko gai; horixe da egoera. Lucienne Robillard, herri administrazioen ministroak zezenari adarretatik heltzea erabaki du: lanpostu federal elebidunetan diren goi mailako funtzionarioek ingelesez eta frantsesez ongi dakitela frogatzen ez badute, lekuz aldatuak edo erretiroa hartzera behartuak izango dira. Bakarren batek, lansaria arrunt beheratua ere ikus dezake.

«Herri Administrazioen Ministerioak erabaki du 2003ko martxoa izanen dela azken muga herri langileak lanpostuaren hizkuntza eskakizuna egoki daitezen. Data horretan, ezarritako hizkuntza eskakizuna egiaztatzen ez badute, ondorioak jasan beharko dituzte», adierazi zuen Robillard andreak 2002ko azaroaren 7an Dieppe-n (Nouveau-Brunswick) egin zuen hitzaldian.

Nolako ondorioak? Lehenbizi, lansaria beheratu egingo zaie, baina horrekin batera lekuz aldatuak izango dira (eskakizun elebidunik ez duen beste lanpostu batera, urrunera agian) edota erretiroa aurrez harraraziko diete, hartarako adinean direnei.

«Lanpostu elebidun baterako izendatzen den funtzionarioak bi urte ditu horretara egokitzeko –azaldu du Robillard-ek–, baina askotan bi urte horiek iraganak dira emaitza onik gabe. Orain arte, behin eta berriro atzeratu izan da erabakia, baina oraingoan argi eta garbi azaldu dut ez dela atzerapenik izanen».

Egun, bost sailburuordetatik bat ez da elebiduna, lanpostu elebidunean izendaturik izan arren, azaldu zuen Dyane Adam Kanadako Hizkuntza Ofizialen Komisarioak joan den urrian plazaratutako txostenean. Herri Administrazioen Ministerioak dituen datuen arabera, ordea, 2001eko martxoan kopurua % 32ra ere iristen zen. Alabaina, ultimatum honen eraginez, 2003ko martxoaren 31ko data heltzen denean, % 10 besterik ez izatea espero dute. «Benetan ikusgarria izan da ikastaroak nola bizkortu diren azken data iragarri nuenez geroztik», azaldu zuen ministroak, irribarretxo batez.

Robillard-ek adierazi du baita ere eskualde elebidunetan (adibidez, Ottawan) ari diren funtzionario guztiei gutxieneko ulermen maila bat eskatzeko aukera ari dela aztertzen. Halaber, elebidun sariak (urtean 800 € inguru) kentzea ere erabakitzekotan da: «elebidun sariak ematen zaizkio funtzionario elebidunari hain zuzen ere ongi egokitzen delako lanpostu... elebidun batean! Zertarako saritu lanpostuaren eskakizunetara egokitzea besterik egiten ez dutenak?».

Sindikatuekin negoziatzeko kontua izango litzateke sari hori kentzea, baina Robillard-en ustez diru kopuru hori hobeki erabilia izan daiteke Kanadako funtzio publikoan elebitasuna oro har sustatzeko.

Erantzun

Sartu