Teknologia albisteak
3

Ordenagailu jokoak haurrentzat, doan

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2002-11-06 : 11:11

Bi leku zoragarri erakutsiko dizuegu, jaits ditzazuen ordenagailu jokoak doan. Eta hiru joko bikainen berri emango. Zuen txikiak merezi izango du horrenbeste, ezta?

PC edo Mac, zernahi daukazuela etxean, erakutsiko dizuegu bi leku, faboritoetan markatu beharreko horietakoak, nahi duzuenean ordenagailu jokoak jaisteko, musutruke. Gabonak gainean ditugula eta, egizue aproba orain eta ezusteko galanta emango diezue txikitxoei.

Lehenengoa da Kewlbox enpresa. Jokoak egin eta doan jartzen ditu sarean, enpresa pribatuen publizitatea erabiltzen duelako jokoetan. Horri deitzen zaio advergaming, hau da, publizitatea jokoetan.

Sketchy!

Hor zaudetela, hainbat joko dituzue aukeran. Nik, ordea, hauxe gomendatuko nizueke: Sketchy! izenekoa. Lasterketa zoroak egingo dituzue elurlera batean, beste bi lehiakideren kontra. Horretarako hainbat oztopo gainditu behar, noski. Zenbat eta trebeago ibili, maila zailagoak aurkituko dituzue. Lasterketa giroa oso polita da. FHM Magazine aldizkariak Sareko 100 Jokorik Onenen artean sartu zuen Sketchy! joan den ekainean.

Sketchy! jokoak 3,9 mega ditu. Beraz, modem normal batekin 15 bat minutu beharko zenukete jaisteko. ADSLrekin, ostera, amen jesus batean. Lehendabizi erabaki behar duzue PC ala Mac-entzat nahi duzuen eta gero klik egin jaisteko.

  • PCn erabiltzeko behar da Pentium II 200, 64 Mb Ram, 2 Mb Graphics, Win95, Win98, WinME, Win2000 edo WindowsXP.
  • Mac-en kasuan, ordea, G3, 64 Mb Ram, OS 8.0 - 9.0.

Instalatzeko, berriz, ez dago sekreturik. Klik egin birritan ikonoan eta hasi lasterka, zoroen pare!

A, eta ez ahaztu: jokoari ekiteko barrari eman behar diozue. Eta aurrera egiteko, geziak erabili, teklatuaren eskuin aldean daudenak.

Discover Painting

Orain beste leku batera eramango zaituztet: Kids Domain deritzonera. Ehunka joko aurkituko dituzue hemen, doanekoak denak, adinen arabera sailkatuta. Zure umeak lau eta zortzi urte bitartean baditu eta gustatzen bazaio margotzea, begiratu zerrendan eta aurkituko duzu Discover Painting izeneko jokoa. Urrezko dominatxo bat du ondoan.

Oso joko egokia da haurrek aska dezaten sormena. Hogeita hamar bat erreminta dauzka, margotzeko eta marraztekoak, hainbat zigilu, soinu eta efektu berezi. Emaitzak oso ederrak izan daitezke.

Joko honek ez dauka publizitaterik. 3,8 mega ditu eta, beraz, ordu laurdenean jaitsita duzue.

Kid Pix

Eta azkenik, baina ez azkena, klasiko bat ordenagailu jokoetan. Hauxe duzue, doan, joko honen lehen bertsioa, zuri-beltzean atera zena. Zehatzago esanda, margo programa txiki bat da, aukera mordoa eskaintzen dituena eta haurrek izugarri maite dutena.

Nik orain bi urte jaitsi nuen eta nire alabak oraindik ere erabiltzen du, bere laguntxoekin batera. Eta gustatzen zaio han egindakoa inprimatzea eta lagunei oparitzea.

Kids Domain-en bertan aurkituko duzue, 2 eta 5 urteko jolasen artean, honek ere urrezko dominatxo bat duela. Oso programa arina da eta di-da batean jaistean da.

Ohar bat bukatzeko: nola erabiltzen dudan ordenagailua lanerako, nire lagun aditu batek jarri zizkidan joko guztiak disko gogorraren beste partizio batean, trabarik ez egiteko laneko kontuekin. Mirenek jolas egin nahi duenean iMac-ean, bere izena duen diskotik berrabiatzen du ordenagailua. Horri esker, inoiz ez dugu arazorik izan jokoekin.

Erantzunak

Mari Carmen
2002-11-06 : 14:21

Benetan eskertzen dut umeentzako jolasen informazioa, batetik ama naizelako eta 5 eta 2 urteko semeak ditudalako etxean, eta bestetik Gabonei begira Eskoriatzan jolas, liburu eta informatika gaien erakusketa antolatzen ari garelako, eta web orri interesgarriei buruzko informazioa zabaltzeko asmoa dugulako.

Benetan eskerrik asko (eta bide batez zorte on Joxeri).

Xabier
2002-11-06 : 20:58

Eskertzekoa, baina informazioa ez da oso zuzena. Bigarren jokoa nik behintzat ez dut aurkitzen eta hirugarrena, kid-pix.hqx bajatu ondoren, deskonprimitu eta kid-pix.cpt bat sortzen du. Zer egin horrekin

Joxe Aranzabal
2002-11-06 : 22:45

> Bigarren jokoa nik behintzat ez dut aurkitzen


Nik ere ez dut aurkitu bart gaueko lekuan, baina bai beste honetan: Art and Creativity Downloads. Hortxe ikusiko duzu 4 eta 8 urte artekoen mailan.


> eta hirugarrena, kid-pix.hqx bajatu ondoren, deskonprimitu eta kid-pix.cpt bat sortzen du. Zer egin horrekin


Sentitzen dut, baina horrelako gauzetan ez naiz aditua. Ea beste batek laguntzerik duen.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago