Sustatu logoa Teknologia albisteak

Disko etxeak are larriago: salmentak behera

editorea - Sustatu
2002-10-16 11:10

Singelen kasua are gogorragoa da oraindik. Iraupen gutxiko formatuan ateratzen diren CDak %17ko jaitsiera izan dute. Eta Cassetteak? ba hauena desagertzear dagoen merkatua dela esan daiteke. Dagoeneko taberna ertzetan eta gasolindegietan bakarrik aurkitzen ditugu... %31ko jaitsiera sarreretan.

Datuak Federación Internacional de la Industria Fonográfica-k eman ditu. Gune hori ingelesez aurkituko duzu, IFPI-ren siglapean. Datuak alarmanteak diren edo ez disko etxeko arduradunek esango dute. Egia esan, lehenengo 6 hilabeteetan diskoen %40 saltzen da eta falta den %60 gabonak gertu daudenean izaten da. Beraz, baliteke urte amaierarako zifrak ez izatea hain txarrak diskoaren industriarako.

IFPI saiatzen da zergatiak ere azaltzen eta honakoxea izan da erakunde honen iritzia salmenten jaitsieraren zergatia ematerakoan:

  • Egoera ekonomiko ahula
  • Musika doan lortzeko gero eta bide gehiago egotea
  • Beste euskarri eta teknologia batzuk agertzea merkatuan: DVDa, bideojokoak, ordenagailuko jokoak...

Hiru iritzi hauek eman ostean, beste bat ere jartzen du mahai gainean IFPI-k: "Aurreratutako herrialdeetan" Internetek ekarri duena, hain zuzen. AEB, Japonia eta Europako herrialde batzuk aipatzen dira txostenean.

Jay Berman-ek (IFPI) esan duenez, industriarendako datu hauek etsigarriak dira, baina aurrez ere baziren antzematekoak. Disko-etxeek jakin beharko dute Internet eguneroko bizitzan sartu ostean eta CDen kopiak eguneroko ogia diren neurrian esparru berriak konkistatu beharko dituztela. Gaineratu du, hala ere, industria musikalak gero eta demanda handiagoa duela erosleen artean.

Galerak esparruka

Galera handienak AEB-n eta Japonen izan dira. Horren zergatia ez da oso zaila, izan ere, munduko disko salmenten %50 bertan egiten baita. Atlantikoaren beste aldean jaitsiera 6,8koa izan zen eta herrialde Asiatikoetan %14,2koa. Europan Industria honen sarrerak &4,5 jaitsi dira eta komertzializazioa ere jaitsi egin da, %7,2. Hala ere, gora egin duten herrialdeak ere badira: Frantzian %5,2 egin du gora salmenta kopuruak eta Suitzan %0,7. Frantziarrak euskal musika entzutea edo iparraldean euskal musikariek disko pila bat saltzea izango ote da igoeraren arrazoia? Ez dakit, baina euskal disko etxeek ere hasi beharko dute zerbait pentsatzen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu