Weblog honetan anonimo dezente agertzen ari dira aspaldian. Horietako kasuren batean, gainera, errespetu gutxiko tonua erabili izan da pertsona edo erakundeen kontra. Sustaturen batzorde editorial honek gogoratu nahi du Sustatuk badituela joko arau batzuk eta horiek errespetuan dutela oinarria. Ez da egia Sustatun edozer esatea posible dela eta are gutxiago anonimotasunetik.
Sustatun badaude adibideak anonimotasuna modu egokian ulertu dutenak. Gogora datozkigu Sustatuko irakurleendako ezagunak izango diren Dick Turpin, Asto Rider edo Taxi Driver, esaterako. Anonimotasuna, beraz, onartzeko modukoa ere bada Interneten. Baina zenbait kasutan anonimotasuna pertsonak edo erakundeak deskalifikatzeko eta errespetu eskasez tratatzeko ere erabili izan da.
Adibidez ez zaigu zilegi iruditzen izen eta guzti bere iritzia eman duen pertsona bati beste batek, anonimotasunean oinarrituta, iritzia ematea alderdiak agindu diola esatea. Kasu horretan, albistea aitzakiatzat hartuta, pertsona erasotzen dela deritzogu.
Era berean, hizkera zabarrekoak iruditzen zaizkigu "...besteen mokordoak kopiatu eta irenstarazi..." bezalako esaldiak. Ez dugu uste izan behar den errespetuzko jokabidea azaltzen denik, norbere izena ezkutatuz, entitateen edo erakundeen kontra "Jetalari" eta gisako adjektiboak erabiltzen direnean.
Sustaturen helburu nagusia informatzea da, gaurkotasunezko berri interesgarriak plazaratzea, nahiz eta gogoeta intelektualak eta iritzi hutsezko gauza interesanteak ere publikatu izan diren eta halaxe egingo dugun aurrerantzean ere. Era berean, oso interesgarria iruditzen zaigu argitaratzen diren albisteen inguruko iritzi trukea eta eztabaida piztea ere.
Baina, beti ere, errespetua oinarri hartuta. Horrela denean, dudarik gabe, albistea bera aberasten laguntzen dute askotan eta weblog baten balioa agerian geratzen da: tresna bizia, eztabaidarako egokia, interaktibitate handiduna...
Beraz, iritzi eta eztabaida jokoetan sartu nahi duenak jakin behar du pertsona nahiz erakundeen aurkako errespetu faltaz jokatzea edo irainak jaurtitzea ez dela Sustaturen arauek onartzen duten jarrera bat. Are gutxiago anonimotasunetik eta hizkera zabarretik jokatu nahi bada.
Anonimotasuna onargarri da Sustatun baina, arauetan esaten den legez, espero dugu irakurleek zentzuarekin erabiltzea aukera hau, errespetuzko iritzi trukea eta benetako adierazpen askatasuna posible izan dadin. Izan ere, erantzun eta informazio osagarriak moderatu gabe igarotzen dira eta honek joko arauak onartzera derrigortzen du partaidea.
Iban Arantzabal, Sustatuko editorea
Inazio Arregi, Goienako Zuzendari nagusia
Luistxo Fernandez, Code & Syntax-ekoa
Mikel Irizar eta Joxe Aranzabal Batzorde editorialekoak
Erantzun
Sartu