Sustatu logoa Teknologia albisteak

Eskerrik asko denoi ospitaletik!

Joxe Aranzabal
2002-09-20 17:09

Bidali didazue elkartasuna, kemena eta maitasuna, eta nik neure egin ditut. Erakutsi didazue bihotzetik hitz egiten denean badakigula erantzuten, baita horretarako teknologia berriak erabili behar badira ere. Oharkabean ia, konturatu gara familia moduko bat antolatu dela Sustaturen inguruan. Eta horri esker, lehen baino hurbilago sentitzen gara. Mila esker!

Aste honetan analisi eta miaketa gehiago egin dizkidate. Ezker besoan ere egin didate ebakuntza txiki bat: kaxa txiki bat jarri azalpean, ezker besoaren eskumuturra eta ukondoaren artean, eta handik sartu plastikozko hodi bat, bihotzeraino doana. Hemendik aurrera, eta tratamenduak irauten duen bitartean, hodi horretatik sartuko dizkidate kimioa eta gainerako botikak, zainak honda ez daitezen.

Datorren astelehenean hasiko naiz kimioterapia hartzen. Aste osoa igaroko dut ospitalean. Ondoren, hiru bat aste egingo ditut etxean. Eta horrela beste hiru bat aldiz. Tratamendua amaitzeko egingo didate auto transplante bat, nire hezur muinarena.

Kontatuko dizuet. Gogorik baduzue, behintzat, Sustatun idatziko dut, noiz edo behin, esperientzia honen berri. Eta gustu baduzue, segituko dugu hitz egiten, orain arte bezala. Akaso honen ostean denok ere garbiago ulertuko dugu zer den minbizia edukitzea eta ez diogu hainbeseko beldurrik izango.

Mila esker idatzi duzuen guztioi eta baita idazteko indarrik aurkitu ez duzuenoi ere.

Maite zaituztet!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu