Teknologia albisteak

Bilboko manifestazioan kartzelaratutakoen egoera larria

Erabiltzailearen aurpegia
Gontzal Landa - Goiena
2002-09-18 : 12:09

Kale-agerraldia zela-eta kartzelaratutako gazteen egoera kezkagarria da, Oier Gorosabelek berak eskutitz batean azaldu bezala. Argentinako "Diáspora Vasca"ko kide batekin ere hitz egiteko aukera izan dugu.

Daniel C. Bilbao Argentinan bizi den euskalduna da. "Diáspora Vasca"ko kide da, eta baita Bilboko istiluen ondorioz kartzelaratutako Oier eta Pabloren laguna ere.

  • Nola bizi izan zenituzten Bilboko manifestazio nazionalean izandako istiluak?
  • Bilboko Udaleko trafiko kameren webgunearen bitartez. Bertan ez ziren istiluak ikusi, baina bai jendearen joan-etorriak, eta giro "arraroa" somatzen genuen. Telebistak irudi gutxi batzuk baino ez zituen eskaini, baina gure lagun Pablo eta Oier maiteak ikusi ahal izan genituen. Hegazkinez Euskadira zoan norbaitek kontatu zigunez, BBCn Pablo biluzik eta odoletan ikusi zuen, baita errepresio irudiak ere.
  • Zer iritzi duzu Bilbon gertatutakoaz?
  • Ez dauka justifikaziorik. Espreski debekaturik ez zegoen manifestazio bat erreprimitua izan zen. Poliziak gogor eta zikin jokatu zuen, eta biluzirik zeuden lagunak era basati batean kolpatu zituen.Oier Gorosabelek saihets bat apurtuta dauka, erredurak eta ubeldurak leku guztietatik, Pablo Girón bezala. Dena den, polizien jokabidea baino larriagoa da Gasteizko Gobernuak manifa erreprimitzeko harturiko erabakia. Azken finean, poliziek jendea kolpatzea baino ez dakite, bestela lan duinago bat izango zuten. Hirukoaren izenean Ibarretxek "egurra eman!" agindu zuen.

Gogoratu "Diáspora Vasca" elkarteko bi kideok Ertzaintzaren dispositiboaren aurrean biluzteagatik kartzelaratuak izan zirela. Protesta baketsu hau egiteagatik "atentatua" egitea leporatzen diete, beste gauza batzuen artean.

Ildo horretan, Oier Gorosabelek Basauriko kartzelatik bertatik bere senide eta lagunei gertatutakoa eskutitz baten bidez kontatzen die. Kontakizuna Euskal Herriko eta Madrilgo eta Espainiako zenbait webgunetan ikusgai dago. Ingelez ere irakur daiteke Oierrek manifestazioan, kartzelan eta kartzelan iragandako bizipenak. Oier eta Pablo Girón-en egoera oso kezkagarria da, areago atzo Gara egunkariak kaleratutako albistea kontuan izanez gero. Berri honen arabera, Garzón-ek agenteei atxilotuekin gogor jokatzea eskatu zuen.

Oier Gorosabel "Txikillana" bezala ezaguna da Eibarren, eta interneten aditua dela ere esan dezakegu. Eibartarrak zerrendako partaide ere bada.

Erantzun

Sartu