Teknologia albisteak

Gaztelupeko Hotsak-ek webgune dinamiko berria

Erabiltzailearen aurpegia
hotsak - Gaztelupeko Hotsak
2002-09-12 : 13:09

Gaztelupeko Hotsak-ek Internet leku berria jarri du martxan. Hotsak.com hainbat hilabeteko lanaren ondorio da eta aurrerantzean musikazaleentzako elkartoki arin eta hurbila izango da. Gaztelupeko Hotsak-en katalogo osoaz gain, bertan atal interesgarri mordoxka dago.

Musikazaleek euron talde eta bakarlarien nondik-norakoak ezagutu ahal izango dituzte. MP3en zerrenda ere zabaltzen joango gara apurka-apurka eta betiko gairik adierazgarrienak ez ezik, grabaketa ezezagunak eta kaleratugabeak ere jarriko ditugu. Aste honetan, esaterako, aurki argitaratuko den Bide Ertzean-en disko berriko atariko kantua dago entzungai.

Hotsak.com-ek leku berezia gorde dio Bluesari. Eta laster ezagutzera emango dugun Errabal jazz zigilu berria ere hantxe izango du bere lehen agerraldia. Honez gain, Literaturari tartetxoa egin diogu, Gaztelupeko Hotsak bere hastapenetatik musikari, literaturzale eta idazleen bilgune izan baita: Koldo Izagirreren Apoaren Edertasuna, Sarrionandiaren Dana lanbrotute ikustot, Aranbarri eta Otamendiren Ibiltarixanak, Kirmen Uriberen Bar Puerto ... bertan daude.

Guzti honez gain Hotsak.com-en datozen kontzertu berrien agenda eguneratua egongo da. Eta informazio guztia, konektatu beharrik gabe ere eskura ahal izango dute gure boletinera harpidetzen direnek.

Orain atal berriak egituratzen ari gara: argazki erakustokiak, kontrataziorako informazioa, musikariekin solasaldiak, erosgaien salmenta,... Irailaren azkenerako den dena gertu izango da. Guztia lau hizkuntzatan egina.

Erantzun

Sartu