Sustatu logoa Teknologia albisteak

Nor ausartzen da Wushu Kung Fu-a zer den ez jakitera? Euskal Herriko Selekzioa ere badaukagu-eta!

xabi Urzelai - Goiena
2002-07-18 14:07

Asko dira Euskal Herriko Selekzioaren ofizialtasunaren alde aspalditik lanean dabiltzanak. Euskadiko selezioak egin duena luzea da zerrendan eta baita edukietan ere. Zerrenda horretan dago Wushu Kung Fu ere. Baliteke zer den ez jakitzea, baina hemen duzu azalpen bat

Euskal Herriko Selekzioa gainerako Europako selekzioekin lehian arituko da bihartik aurrera Arrasaten jokatuko den Europako Wushu Kung Fu Txapelketan. Txapelketak bi egun iraungo du. Bihar, zapatua, goizean hasiera ekitaldia izango da eta Taichi, Sanshou eta Tao Lu borrokak izango dira. Egun handia, berriz, domeka izango da, orduan jokatuko dituzte-eta finalak. Goizeko hamarretatik ordu bata arte borrokak izango dira ikusgai, eta, horren ondoren, borroka-arteen maisu handien erakustaldia izango da.

Europako selekzioak bakarrik ez

Joan den urtean, urrian, Euskal Herriko Selekzioa Japonian izan zen Munduko Wushu Kung Fu Txapelketan, eta euskaldunek oso lan txukuna egin zuten: urrezko eta zilarrezko domina bana eskuratzeaz gain, gainerako partaideek ere lan polita egin zuten. Euskal Herriko Selekzioko kideei Europako Txapelketa Euskal Herrian antolatu behar zela otu zitzaien, eta Arrasateko Udala prest agertu zen. Horrenbestez, beste borroka-arte bat ezagutzeko aukera egongo da asteburuan. Txapelketa benetan ikusgarria izango da, Europako lurraldeetako ordezkariak aritzeaz gain, Brasilgo, Txinako eta Argentinako selekzioak ere izango dira-eta, besteak beste.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu