Emakumeek oraindik ere ez dira existitzen
Gaur goizean puntako bi kirolari izan ditugu Arrasate Irratian, Rosa Lasagabaster eskoriatzarra eta Leire Ezpeleta arrasatearra. Askorendako ezezagunak izango dira, baina aipamena merezi dute biek, Aizkorriko maratoia korritu baitzuten joan den domekan.
Lasagabaster lehena helmugaratu zen emakumetan eta Ezpeleta hirugarren. Guztira sei emakumek parte hartu zuten maratoiean, eta seirek bukatu.
Gizon zein emakumeendako kilometro eta ibilbide berdina, baina komunikabideetan oso isla desberdina izan du maratoi horrek. Leire Ezpeleta berak kontatu digu: "Domeka gauean Kirolez Kirol saioan maratoiaren berri eman zuten, baina bazirudien gizonezkoek parte hartu zutela bakarrik. Emakumeen sailkapenik eman ere ez, ezta maratoiean izan zirenik esan ere".
Hurrengo goizean Euskadi Irratia entzun genuenok ere horren testigu gara. Gizonezkoen sailkapena gora eta behera, emakumeak existitu ere ez.
Egunkarietan ere desproportzioa ikaragarria. Gipuzkoan gehien saltzen den egunkarian bi argazki handi. Bietan gizonezkoak. Alde batean sailkapena, gizonezkoena bakarrik. Emakumeen berri izateko, letra txikia irakurri behar.
Rosak zein Leirek aitortu dute horren guztiaren aurrean amorrua sentitzen dutela, eta komunikabideek askotan, animatu beharrean desmotibatu egiten dutela emakume kirolaria. Ez da gutxiagorako!
Sailkapena ere baduzu behean, gura izanez gero.
Erantzunak kargatzen...