Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ez Su ta Gar ez Chenoa. Marta Sanchez bai?

editorea - Sustatu
2002-07-10 14:07

Aspalditxoan polemika bizi-bizi dago egunkarietan. Su ta Gar taldearen ordez Chenoa (OP) ekartzea erabaki zuten Gasteizen. Orain Operacion Triunfoko izar hori ez datorrela eta aspaldixean argi gutxitxo duen beste izar bat etorriko den susmoa dago: Marta Sanchez.

Gasteizko udalak ez zuen usteko horrenbesteko tira-birarik egongo zenik, baina medioetan askotxotan, beraiek gura baino gehiagotan agertu da egitaraua osatzeko moduaren gaineko polemika. Sustatun bertan ere jorratu genuen gaia notizia izan zen egun berean. Ordutik jende gehiagok eman du iritzia, esaterako, hauek:

  • Gasteizko Alkate-ordea: Mundu erradikalaren gerragiletza eta kantariari egindako isekak salatzen ditu. Presio handia egin izana leporatzen dio Miguel Angel Echevarriak mundu horri. Esan duenez, gehien arduratzen nauena IU-k eta EAJ-k eman duen erantzuna da kontzertuaren kontra azalduz.
  • Mariano Rajoy: Hau kasu bat gehiago baino ez da. Iritzia emateko eskubidea ukatzen dute hau eginez. Diktadurapean bizi gara. Iritzia ematen ez uzteaz gain ez digute politikan parte hartzen uzten.
  • Iñaki Anasagasti (EAJ): Pena da Chenoak Gasteizen kantatu gura ez izana. Gasteiz oso lasaia da eta ondo hartua izango da oso ondo kantatzen baitu. Bisbalekin badator hobeto gainera. Ez dezala inongo beldurrik izan.
  • Rodolfo Ares (PSE-EE): *Kasu honek argi erakusten du badirela talde intoleranteak eta jarrera faxista dutenak Su ta Gar moduko talde baten alde ateratzen direnak. Gasteizko Udalak badu nahiko arrazoi talde hori ekarri beharrean Chenoa ekartzeko.*
  • Antton Karrera (IU): Gaitzetsi egiten ditut kantariak jasandako mehatxuak. Minoria baten intrasigentzia direla gaineratu zuen hauek Gasteizen ez dutela errepresentaziorik esanez.
  • Ernesto Ladron de Guevara (UA): Partidu nazionalistek Batasunarekin bat egin dute eta eskutik ebatuta dihardute lanean.
  • Batasuna: PP-ren gobernuak diskusio faltsu bat atera du kalera gobernatzeko duen ardurak alde batera lagatzeko. Benetako eskandalu publikoa da PP-ren gobernatzeko modua. Gestioan egindako frakasoa tapatzeko atera du polemika hau. Kantariaren ordezkariek ere gezurtatu dituzte mehatxu horiek, gainera. Takolo Pirritx eta Porrotxen aurka egindak kanpaina barruan sartzen dugu polemika hau ere, benetako apartheid politikoa da.
  • Chenoaren fans kluba: Itxura denez, eta hainbat hedabideetan halaxe esan dute, Gasteizen bizi diren beraren fans-ek ez etortzeko gomendatu diote, giro nahasia dagoela-eta. Ez dakit burua galduta duen fans batek horrelakorik esango liokeen bere idoloari, baina... Fans klub handia du Chenoak.

Bitartean, hamabost egun baino gutxiago falta direnean Marta Sanchez-en izena entzuten da. Ia zerekin harritzen gaituzten PPko ordezkariek.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu