Sustatu logoa Teknologia albisteak

Quim Gil ziberkazetari katalanarentzako saria

Europako Interneteko kazetaritza eta albiste-zerbitzuen alorrean ematen diren sari garrantzitsuenek, Net Media Awards sariek, Quim Gil ziberkazetari katalanaren lan bat aukeratu dute bere kategoria garrantzitsuenetako batean. Eibar.org elkarteko zenbaitzuk ezagutzen dugu mutil hau. Open Directory proiektuan katalanezko adarra garatzen lan gehien egindakoa da Gil, Eibar.ORG-ek euskarazko adarra (Aurki bilatzailea) garatzen egin dugun antzera.

Net Media Awards sarien 2000. ediziora 2700 proiektu baino gehiago aurkeztu dira, eta dozena bat pasa saritu dituzte kategoria desberdinetan. Best News Story kategorian irabazi du Quim Gil-en lanak. Espiral izeneko konpainiaren Desde America con amor proiektua da hori, eta Gil-en ideia bat da osoki (Espiral bere inguruan elkartutako lantalde bat da).

El Mundo egunkariak beste pare bat sari lortu ditu (nabigazio eta diseinu onenari, kasu, Munduko Futbol Txapelketaren inguruan emandako informazioagatik), eta BBC-k ere zenbaitzu. Irabazleen zerrenda hemen duzue.

Desde America con amor

Iaz hasi zuen proiektua Quim-ek. Helburua, Silicon Valleytik Chiapas-eraino bidaiatxoa egin, lagun baten etxetik, beste lagun baten etxera. Hau da: Silicon Valleyn lagun batekin zaude, eta hark, apur bat hegoalderago bizi den lagun batengana eramaten zaitu. Hark, beste batengana, eta handik beherantz, beherantz, Lacandona oihaneraino...

Hasieran, e-posta bidezko kronika batzuen bidez hasi zen Quim, Yahoo Groups zerbitzuaren bidez harpidetutakoei bidaltzen zizkien kronika horiek, Sustatu-k bere harpidedunei albisteen sarrerak bidaltzen zizkien bezalaxe. Orduko Yahoogroup hura gero beste foro batera trasladatu zen.

Proiektuak bere gorabeherak izan ditu. Hasiera data, pentsa, irailaren 11a baino bi egun lehenago izan zuen, eta zurrunbilo harekin abiatu zen Quim San Franciscotik. Gero, ostera, kronika elektronikoak webgune oso interesgarri batekin hornitu ditu (hori da saritu dutena), eta bidaia luzatu ere egin da. Chiapastik hegoalderantz, han segitzen du aurrera Quim Gil-ek: Costa Rica aldean doa orain.

Euskaldunekin kontaktua

Ziberkazetaritza eta ziber-proiektu askotan ibili den mutila da Quim Gil. Eibar.ORG-ekook ezagutzen dugu bera izan zelako garai batean, Open Directory proiektuan katalanezko adarra garatzen lan gehien egindakoa, gu geu, Eibar.ORG elkartetik euskarazko adarra (eta haren ispilu den Aurki bilatzailea) garatzen geniharduen bitartean. Geure hizkuntzak proiektu hartan, eta gero, Google-ko edukietan ikustea (euskara eta katalana ), izan zen lan haren saria: baita harekin lortutako Interneteko esperientzia ere!

Kontaktu haien haritik, bisita ere egin zigun Euskal Herrira Quim Gilek 2000. urtean. Horra beheko argazkian Quim Gil Eibar.ORG elkarteko Garikoitz Araolaza eta Eneko Astigarragarekin.

Ez dakit irakurriko gaituen, baina... Zorionak Quim!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu