Marka bat sortu nahi baduzu Interneten, ahaztu publizitatea erakartzen zure webgunera. Ez erabili zure webgunea publizitatea jartzeko, jendeak aurretik beste hedabideetan ikusi duena. Ez du funtzionatuko. Horixe esan dute Al eta Laura Ries marketin adituek. Gai hau interesatzen bazaizu, segi irakurtzen.
Internet izango da lehen hedabidea publizitateak menderatuko ez duena esan dute aditu amerikarrek beraien azken liburuan: 11 Lege Aldaezinak Marka Bat Eraikitzeko Interneten. Ingelesez nahiz gaztelaniaz irakur dezakezue.
Egileek diote batez besteko aldizkari batean %60 publizitatea dela; eta batez besteko egunkari batean, ostera, %70. Irratiak eta telebista pribatuak ere publizitatetik bizi dira ia erabat. Baina hori ez omen da gertatuko Interneten. Zergatik? Internet elkarreragilea delako. Lehenengo aldiz, erabiltzaileak agintzen du, eta ez jabeak. Jendeak ez omen du bilatzen publizitatea eta honi gorroto izkutua omen dio, gainera.
Inkestek erakusten omen dute gero eta jende gutxiagok egiten duela klik sarean jartzen diren bannerretan; zenbakiak jaisten ari omen dira izugarri. Nielsen/NetRatings etxearen arabera honek Interneten egiten den publizitatea aztertzen du klik tasa jaitsi egin da urte betean %1,35etik horren erdira. Salneurriak ere dezente jaitsi omen dira Interneten egiten den publizitatean.
Ba omen dago beste arrasto bat, erakusten duena publizitatearen gainbehera Interneten: izugarri hazi da iragarkiak blokeatzeko softwarea. At Guard, Junkbuster Proxy, Intermute eta Web Washer programek blokeatu egiten dituzte iragarkiak, hauek pantailan agertu aurretik. Honi esker, pantailak askoz ere bizkorrago osatzen dira.
Amaraunak, beraz, ez omen du publizitaterik erakarriko. Aldiz, publizitate mordoa sortuko du saretik kanpo, aditu hauen arabera. Errugbi amerikarrak Super Bowl finalaren 34. aldia jokatu zuenean, 36 enpresak kontratatu zuten publizitatea, partidan zehar emateko. Haietatik 17, ia erdia, puntu.com enpresak ziren. Bitartean-eta publizitatearen tarifak jaitsi egin diren Interneten, beste hedabideetan gora eta gora egin omen dute.
Eta, adi, sareko enpresa gehienek irratia aukeratuko omen dute beraien publizitatea egiteko. Azken batean, ez da irudi baten beharrik izango izen bat gogoratzeko, horixe bakarrik izan behar baita gogoan, izen bat, webgune batera joateko.
Erantzun
Sartu