Teknologia albisteak
1

eMac: Applen azken miraria

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2002-06-12 : 01:06

Halako batean, Applek Macintosh ordenagailua egin zuen, denborarekin jendeak Mac izendatuko zuena. Geroago, Interneten garaian, iMac sortu zuen, eta honek ere utzi zuen arrastoa ordenagailuen sailean. Eta orain eMac egin du, irakaskuntzan bakarrik salduko dena. Elurra bezain zuria eta iMac bizkorrena bezain azkarra ia.

“eMac for Education”. Horrela bataiatu du Applek ordenagailu berria. Eta horregatik jarri dio “e” aurrizkia Mac hitzari, irakaskuntzari begira egin duelako. Ikusi nahi baduzu nolakoa den, hemen begira dezakezu, edo bestela albiste honen amaieran klik eginda, artxibo erantsian.

Pantaila ederra du, 17 hazbetekoa eta G4 prozesagailu bat, 700 MHtan dabilena. Bizkorra benetan. Bost atakarekin dator, hiru USBdunak, eta bi FireWire erakoak, ordenagailua beste aparailuekin lotzeko. Bi entxufe dakar, mikrofonoa eta entzungailuak sartzeko. Badu beste ataka bat, AirPort haririk gabeko sarea antolatzeko. Bi bozgorailu ere baditu, eta 16 wattioko anplifikagailu digital bat.

RAM memoriari dagokionez, eMac berria 128 MB dakartza, baina giga bateraino puztu daiteke. Disko gogorra, berriz, 40 GBkoa da, eta NVIDIA GeForce 2MX grafiko azeleragailua dakar, 32 MBko memoriarekin.

Oinarrizko modeloak balio du Estatu Batuetan 1.057,88 euro eta dator CD-ROM batekin, baina ez du modemik. Honek harritu nau: zertarako behar du gaur egun ikasle batek ordenagailu bat modemik barik? Bigarren modeloak 1.269,66 euro balio du eta, honek bai, CD-R/DVD-ROM eta guzti dator, eta 56K duen modem bat.

Bi sistema eragile ekarriko ditu instalatuta: Mac OS X 10.1.4 eta Mac OS 9.2.2. Eta hauekin batera, AppleWorks 6, iTunes 2, iPhoto eta iMovie 2.

MacHome aldizkariak dioenez, ordenagailu hau bakarrik salduko zaie ikasleei eta irakasleei. Zer iruditzen zaizue?

Erantzunak

Jabier Zabaleta
2002-06-12 : 11:38

> "MacHome":http://www.machome.com/ aldizkariak dioenez, ordenagailu hau bakarrik salduko zaie ikasleei eta irakasleei. Zer iruditzen zaizue?



Hori zen, hasieran, Apple-koen asmoa; baina, itxura denez, hezkuntza mundutik aparteko jende ugarik agertu du interesa eMac berrian, eta orain edozeini saltzen diote (Estatu Batuetan, behintzat).



Eta egia da: oso ordenagailu egokia dirudi (prezioz eta ahalmenez) edozeinentzat. Herri aldizkarietan gabiltzanontzat, esate baterako, aparta da.



Erantzun

Sartu