Gure garaia etengabeko aldaketek definitzen dute, Zientzia eta Teknologiaren garapenak bultzatutako aldaketek, hain zuzen ere. Aldaketa horiek egunero gertatzen dira, eta horien berri izateko tresna aproposak behar ditugu. Horretarako sortu dugu Basque Research.
Basque Research-ek Euskal Herrian egiten den Ikerketa eta Garapenaren erreferentzia- puntu bilakatu nahi du. Bertan, enpresetan, teknologia-zentroetan eta unibertsitatean egiten den ikerketa bildu eta jakitera eman nahi da.
Eusko Jaurlaritzaren 2001-2004 Zientzia eta Teknologia planaren ildotik sortu den web gunea da Basque Research. Plan estrategiko horren barnean zientzia eta teknologiaren dibulgazioa bultzatzea da helburuetako bat, eta hori da Basque Research-en xedea ere. Horretarako, Euskal Herrian ikerketan diharduten agente guztien informazioa bildu eta bertatik nazioartera zabaltzeko atea eskaini nahi du. Hartara, etxean zer egiten den jakiteaz gain, kanpoan ere gure berri izan dezaten.
Helburua bi ikuspuntutatik planteatzeak badu bere arrazoia. Batetik, Euskal Herriari, eta zehatzago, profesionalei, zerbitzu publiko bat eskaintzea da gure helburua; horrela, bertan egiten den ikerketa gizarteratu eta bultzatuko da: eragile ezberdinen arteko ezagutza erraztuz, elkarlanerako bideak zabalduz etab. Eta nazioarteari begira berriz, Euskal Herrian egiten den Ikerketa eta Garapena ezagutzera ematea eta merkatu berriak irekitzea da gure asmoa. Hori dela eta, Basque Research-ek hiru hizkuntzatan egingo du bere jarduna: euskara, gaztelania eta ingelesa. Aipatu behar da laugarren bat sartzeko asmo finkoa dugula, frantsesa hain zuzen ere, geroz eta zerbitzu zabalagoa eta hobea ematea baita gure helburua.
Basque Research-en zer aurki daiteke?
Basque Research-en eduki nagusien artean hiru aipatu beharko genituzke: Berriak, Agenda eta Direktorioa.
Izenaren araberako bilaketan, Unibertsitateen kasurako, unibertsitateetako sailak aurki daitezke, baita ikertzaile nagusiaren izena ere. Azkenik, ikerketa-lerroen araberako bilaketan, ikerketa-lerro jakin batean zein ari den lanean jakin dezakegu, bai zentro teknologikoetan, bai enpresetan eta bai unibertsitatean. Horrela, enpresa/unibertsitate, enpresa/ikerketa-zentro elkarlanak bultzatu nahi dira, eta profesionalen beharrei erantzuteko ikertzaile-taldeen arteko harremanak eskura jarri.
Hiru atal horietaz gain, badira beste hainbat ere; hala nola, alerta-zerbitzua, beste web gune interesgarri batzuen zerrenda, erakundeak, berri-emaileen zerrenda, laguntza-atalak etab.
Erabiltzaile-motak
Edukien aipamena bukatu ondoren, erabiltzaile-motak azaltzea dugu hurrengo pausoa. Horietan ere hiru motatako erabiltzaileak erregistra daitezke: bisitariak, kazetariak eta berri-emaileak.
Bukatzeko esan nahi dugu Basque Research-ek ez duela informazioaren biltegi soil izan nahi, hori dela eta Europa mailako aldizkari espezializatu, web gune etab.-etan informazioa zabaltzeko lan egiteko asmoa du. Europan sortzen ari diren berri-agentzia, ikerketa-sare etab.-ekin harremanetan gaude, eta horiekin sor daitezkeen lankidetzak bultzatuko ditugu.
Orain, Basque Research-en barna sartzeko gonbita luzatzea besterik ez zaigu gelditzen, guztiontzat egindakoa guztion artean osatzea baita gure helburua.
Erantzun
Sartu