Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren bidez, euskararen sustapenerako dirulaguntzen deialdia kaleratu du gaur EHAA boletinean. Webgintza, software euskalduna eta teknologia berrietara lotutako proiektuak sustatzeko balio izan du deialdi honek aurreko urteetan.
Aurtengo deialdiak 2000. urteko baldintzetan du oinarri orokorra (urte hartako EHAA boletineko 180. aleko eta 219. aleko testuetan), gaurko EHAAko testuak sartzen dituen aldakuntzez zuzendua.
Deialdi honetarako 805.356 euro daude aurrekontuetan. Eskabideak egiteko epea uztailaren 5ean amaituko da.
Lagunduko diren jarduerak honako hauek dira:
- Euskararen ondarea (kantuak, bertsoak, euskalkiak, etab.) jaso, gorde eta gizarteratzeko egitarauak.
- Euskaraz egindako materialak sustatzeko eta bideragarriago egiteko ekimenak edo ekintza programak, batik bat, haur eta gazteentzat prestaturikoak, besteak beste, aldizkarien harpidetzak ugaritzea, euskarazko bideoak, bideojokoak, jostailuak, joko hezigarriak eta antzekoak, softwareak, etab. zabaltzeko eginikoak, etab.:
- Euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko egitarauak (ekintzak, proiektuak eta produktu berriak). Alde batetik, kontuan izanda nolako beharra dagoen, eskaintza baino askoz haundiagoa dena, eta bestetik komunikabideen alorrean badirela ohiko jardunetik at gelditzen diren hainbat ekimen eta proposamen, posible izango da hauek dirulaguntzagaitzat hartzea. Betiere, egitasmoaren interesa eta bideragarritasuna dirulaguntzaren xedeari egokituz gero.
- Bestelako egitarauak: euskararen erabilera aisian, haur eta gazteen hizkuntza gaitasuna sendotzeko antolaturiko egitarauak, monitoreen prestakuntza, materiale-sorkuntza, produktu konkretuen gaineko bideragarritasun azterketak, euskararen historian edo hizkuntzari loturiko hainbat eremutan izen handia duten pertsonaiak omentzeko edo bestelako ospakizunak antolatzeko jarduerak, etab.
- Zabalkunde handiko biltzarretan, jardunaldietan eta ospakizun berezietan euskararen presentzia bermatzeko ekimenak.
Aurkeztutako proiektuetan, autofinantziazioa gutxienik %30ekoa izan beharko da. Iaz banatutako laguntzen berri, Sustatuko albiste honetan.
Erantzun
Sartu