Mondragon Negozio Eskola aurkeztu zuten eguenean Bilbon, Euskalduna Jauregian. MCCk, Mondragon Unibertsitateak eta LKSk sortu dute Mondragon Negozio Eskola. MONEren helburua da unibertsitate osteko ikasketak eskaintzea enpresa gizonei eta zuzendaritza karguak dituztenei.
Euskalduna Jauregian egin zuen aurkezpen publikoa MONEk. Mondragon Negozio Eskolako ordezkariak Bilboraino gerturatu ziren eguenean proiektuaren berri ematera. Juan Ramon Goikoetxea MCC -Ko lehendakariordea, Jose Antonio Ugarte MONEko presidentea, eta Ignacio Lakunza MONEko zuzendaria izan ziren aurkezpenean. Hirurek azpimarratu nahi izan zuten Mondragon Negozio Eskolaren garrantzia. Esan zutenez unibertsitate osteko masterrak enpresa zuzendariei eskaintzea da MONEren asmoa. LKS-k ere parte hartu du egitasmo honetan.
Iaz, Mondragon Unibertsitatean eta Otalorako hezkuntza zentruan 900 ikaslek egin zituzten unibertsitate osteko ikasketak. Fakturazioa 200 milioi pezetakoa izan zen. 2006. urterako, ostera, 1800 ikasle izan nahi dituzte, eta 600 milioi pezetako fakturazioa. MONEk Oñatin izango du egoitza nagusia. Bide batez Oñatiko Campusa indartzeko asmoarekin ere sortu da Mondragon Negozio Eskola.
Proiektu irekia izango da, eta MCCtik kanpo dauden beste hainbat enpresak ere parte hartu ahal izango dute. Gainera, hainbat unibertsitate eta erakunderekin ere harremanak izan nahi dituzte. Hori dela eta, dagoeneko Madril, Bartzelona, Valentzia eta Estatu Batuetako hainbat erakunderekin hasi dira lankidetzan.
MONEk hiru ikasketa mota egiteko aukera eskainiko du. Unibertsitate ikasketak amaitu dituztenendako masterrak, enpresetako zuzendaritza taldeei eskainitakoak, eta enpresa zuzendariei egokitutakoak. Hain zuzen ere, azken aukera hau berria izango da.
Erantzun
Sartu