Hispavista, berriro Elosegi anaien esku osoki
Interneteko pelotazoaren eta inbertsio zoroen garaian, 2000. urteko martxoan, Frantziako Internet enpresa berri samar batek, LibertySurf delakoak, erosi zuen Elosegi anaien (Paul, Jon eta Unai, hiruak injineruak) Hispavista atariaren gehiengoa (%51), 6.000 milioi pezetatan, orduan adierazi izan zenez. Aurrerago, LibertySurf-en partea Tiscali etxe italiarren eskuetara igaro zen, eta %51 horri, beste %3.5 gehitu zaion berrerosketan (praktikan jarri ez zen stock options plan bati zegokion partea).
Orain zenbatean berreskuratu duten partizipazioa Elosegi anaiek, hori ez da esaten prentsan zabaldurako albistean, baina krisian dagoen negozio eredua da atariena... Hispavista-ren audientzia neurriak ere oso pobreak izan dira duela gutxi zabaldutako estatistiketan. Eustat estatitistika institutu ofizialak euskal internauten artean ateratako datuen arabera, 2001. urteko azken lauhilekoan, Hispavista 21.a zegoen atarien ranking-ean, 3.7ko aipamen neurri batekin. Aurki proiektu euskaldun ez-komertziala Hispavista baino apur bat atzerago bakarrik gelditzen zen: 25., 2.1eko aipamen neurriarekin. Hortaz, krisian dagoen eredu batekin, eta audientzia horiekin, baliteke galera iturri izatea bere partizipazioa Tiscali-rentzat...
Hispavistaren jabe kanpotarrak izan direnak
Lehena, esan bezala, LibertySurf izan zen. Europ@web diru-fondoaren proiektu bat zen hori, eta Europ@web zen, era berean, LVMH luxuzko produktuen taldeko presidente Bernard Arnault-en Interneteko abenturetarako plataforma. Europan zehar atari desberdinak sortuz, atari pan-europar bat sortzea omen zen LibertySurf-en orduko asmoa. LibertySurf burtsara irten zen handik gutxira, eta olatuan gora egin ondoren, baliorik gabe geratu zen handik gutxira. Pelotazoaren amaiera iritsi zen. 2001eko hasieran, Bernard Arnault-en proiektuak porrotean zeuden, Business Week-eko artikulu honetan jasoa dagoenez.
Nolanahi ere, 2001eko urtarrilean Tiscali enpresa italiarrak erosi zuen marka frantsesa (denetarik erosi izan du Tiscalik: baita WorldOnline etxe holandarra, eta Prisa taldeak sortutako Inicia ataria ere), antzeko egitasmoekin: Interneteko zerbitzu eskaintza eta web proiektu pan-europarra osatzea. Beraz, Hispavistaren gehiengoaren jabe, Tiscali izan da.
Tarte honetan, Hispavistak bere atariarekin segitu du, eta beste web zerbitzu eta marka batzuk ezarri ditu. Adibidez:
- Trabajos.com lana aurkitzeko zerbitzua.
- Labolsa.com burtsako informazio ekonomikoa.
- Galeon.com web espazioa doan gune pertsonaletarako.
- MeGustasMucho ingelesezko Am I Hot Or Not izenarekin ezagunak egindako zerbitzu ezagunen imitazioa espainolez.
Hala ere, ez zirudien oso integratua zeudenik zerbitzu horiek Tiscali sarean (behintzat azaleko itxuretan).
Erantzunak kargatzen...