Teknologia albisteak

Nola daude gauzak Afganistanen?

Erabiltzailearen aurpegia
Iturri - Donostiyatik.
2002-05-21 : 22:05

Gaizki daudela esatea ez da berria. Hala ere, Palestinako egoera gordinak tokia kendu dio gatazka honi gure komunikabide ofizialen “ohorezko tokietan”.

Hona hemen RAWAren (Afganistango Emakumeen Elkarte Iraultzailea) azken komunikatuetako baten aipamena. Bertan, gerra eta fundamentalismoaren aurka, bakea eta justiziaren alde borrokatzeko egin du deia erakundeak.

Beste batean ere azaldu zen RAWA elkartearen komunikatu bat Sustatun. Berandu bada ere, Emakumearen Nazioarteko Egunaren aitzakiarekin ateratako komunikatua euskaratu dugu.

Zer da RAWA? 1977an Afganistanen emakume intelektual batzuk sortutako elkartea da. Liderra Meena izeneko emakume bat izan zen, garai bateko KGBren agente afganiarrek 1987an Quetta-n, Pakistanen, erahil zutena.

Zer asmorekin sortu zen? Helburua, oinarrizko giza eskubideak lortu eta bermatzeko, ahalik eta emakume afganiar gehien biltzea zen. Nahiz eta egoera erabat gaiztoa izan, eremu ezberdinetan egin dute borroka: hezkuntza, osasuna eta ekonomia, besteak beste.

Hasiera hasieratik demokrazia eta laikotasuna aldarrikatu dituzte. Betidanik egon dira garai bateko sobietarren menpe zegoen gobernuaren kontra, baita fundamentalista islamiarren aurka ere. Eta honek Meena eta beste ekintzaile askoren hilketa ekarri du.

2002ko martxoaren hasieran, Javier Madrazo egon zen Peshawar-ren (Pakistan). Eusko Jaurlaritzak RAWArekin hitzarmena sinatu zuen, Afganistango gerra-kriminalak jazartzeko.

Hasieran aipatutako komunikatuan I-11 (Irailaren 11) madarikatuaren ondorengo analisia egiten dute. Testua luzea da, agian ere ez dago oso ondo egituratua, baina bai dela interesgarria irakurtzeko. Hala ere, kontu hauek azpimarratuko nituzke nik:

  • Zein da RAWAren iritzia AEBek taliban eta Al Kaeda-ren kontra egiten ari diren kanpainari buruz? Babesle eta babestu ohien arteko liskarra da, Afganistango herria, beste behin ere, odolez ordaintzen ari dena.
  • AEBek Iparraldeko Aliantza sortu dute eta horretarako zenbait kriminalarekin ados jarri dira.
  • Bonn-eko bilera: Afganistango errege izandako Karzai jauna eta bere lagunak kenduta, bertan parte hartu zuten hiru laurdenetik gora kriminal hutsak dira.
  • NBEaren tropak behar-beharrezkoak dira. Hori bai, Turkia bezala fundamentalistak lagundu dituzten herrialdeetako soldaduek ez dute tokirik tropa horietan.
  • Ondoko herrietako (Iran, Pakistan, Errusia, Tayikistan eta Uzbekistan) gobernuek fundamentalistak eta kriminalak lagundu dituzte.
  • Loya Jirga edo Batzar Nagusia: instituzio anakronikoa da, baina funtzio garrantzitsua izan dezake une honetan.
  • 1964ko Konstituzioan egin beharreko aldaketak ere aipatzen dituzte eta zer printzipio nagusiek izan beharko lukete oinarri Afganiar Estatu berria egituratzeko.

Erantzun

Sartu