MANAGING'2002, Enpresa Kudeaketa Berritzeko Nazioarteko Erakustaldia, maiatzaren 29tik 31ra izango da Bilboko erakustazokan. Berrikuntza eta enpresa kudeaketan diharduten 62 enpresak berretsi dute parte hartuko dutela.
Erakustaldiaren bigarren edizio hau ondokoek antolatu dute: SPRI baltzuak -Industria Sustatu eta Birmoldatzeko Baltzua Ezagutzaren Clusterrak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomi Sustapenerako Sailak eta Bilboko Nazioarteko Erakustazokak.
Honako saio honetan ere, Managing'2002-k alderdi teoriko-praktikoa eta merkataritzakoa jorratuko ditu. Horretarako, erakusketa eta biltzarra egingo ditu aldi berean. Erakustaldiak xede du enpresa aurrendari eta berritzaileen esperientzien berri ematea, eta, halaber, enpresa kudeaketa arlo guztietan hobeturik, lehiakortasun handiagoa lortzeko lanabes egokiak zein diren jakitera ematea.
Erakusketa egiteko hiru hilabete falta direla, hurrengo saioan parte hartuko dutenen kopurua aurreko erakustaldian, sasoi berean, izan zenaren gainetik dabil. MANAGING'2002 erakustaldian parte hartzen duten enpresek kudeaketa eragingarria ahalbidetzeko lanabes-sorta zabala erakutsiko dute: zerbitzu aurreratuak, enpresa kudeaketa arlo guztietan hobetzeko irtenbide eta teknikak.
Halaber, enpresa erakusketariek merkataritza aurkezpenak egingo dituzte erakusketaren ondoko aretoetan. Jarduera horri esker, bada, erakutsitako kudeaketa lanabesak hurbilduko dizkiete erakustaldiko bisitariei.
Enpresa erakusketariak ondoko probintzietatik etorriko dira: Bartzelona, Madril, Tarragona eta Kantabria, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoa.
Merkataritza-eskaintzak, berriz, ondoko sektoreak hartuko ditu kontuan: Aholkularitza, ikuskaritza, eta enpresen antolabidea; Enpresa kudeatzeko teknologia eta informazio irtenbide aurreratuak: Kalitatea, ingurumena eta segurtasuna kudeatzeko sistemak; Komunikazioa eta irudia; Finantza-kudeaketa; Diseinu grafikoa eta industriakoa; Ingeniaritza zerbitzuak; Prestakuntza zentroak, unibertsitateak eta negozio eskolak; Enpresen garapena ahalbidetzeko erakundeak; Argitaletxeak eta prentsa espezializatua.
Biltzarra baliatuko da enpresa kudeatzeko berrogeita hamar bat joera berri aurkezteko. Izan ere, frogatu da joera horiek guztiak zeharo eragingarriak direla benetako negozio egoeretan, hainbat sektore eta arlotan.
MANAGING-ek gonbidaturiko enpresa batzuek mahairatuko dituzten gaiak izango ditu ardatz biltzar horrek. Beste alde batetik, aldi bereko hiru saiotan, honako gai jakingarri hauek jorratuko dira: "Produktu eta zerbitzu berritzaileak XXI. mendean", "Kudeaketan aurreratutako enpresak" eta "Ekonomia berriaren ekimen publiko eta pribatuak". Horietako saio bakoitza aholku-etxe, unibertsitate eta ekonomiari buruzko aldizkariek aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren.
Aurreko Managing'2000 erakustaldian 119 enpresa eta erakundek parte hartu zuten, 90 erakustokitan banatuta, eta 2.461 bisitari profesional etorri ziren erakusketara. Bisitari horiek guztiak, batik bat, estatuko ipar eta erdiko aldetik etorri ziren, eta guztien %43 zuzendari-gerenteak ziren.
Beste alde batetik, 200 profesional aritu ziren biltzarrean, eta dagokion arloan buru diren enpresek parte hartu zuten, hala nola, Iberia, Gillete, Manchester United, Campofrío, Airtel eta Zeltia.
Erantzun
Sartu