Teknologia albisteak

Gara.net on line

Erabiltzailearen aurpegia
Gara - Garatik
2002-05-10 : 12:05

Gara on line kontsulta daiteke martxoaren 26tik. Ohiko webgunea izatetik on lineko zerbitzua ematera igaro da azken aldian. Ez da zehazki papereko prentsaren berdina. komentarioak, azken berriak...

Gara egunkariaren on line edizioa martxoaren 26an estreinatu zen. Egun horretan, www.gara.net webguneak aurpegi berria erakutsi zuen. Geroztik, Gara egunkarian argitaratutako informazioak ez ezik, eguneko informazioa ere agertzen da webean. Egitasmoa martxan jarri aurretik gogoeta xumea egin genuen: gaur egungo merkatu digitalean gero eta eskaintza zabalagoa bada ere, gure ustez, ez zegoen Euskal Herriko mapa osoa hartu, eta bere hizkuntza, politika eta gizarte aniztasuna islatu eta albistea sortu bezain laster errealitatea haztatzen zuen "on line" eskaintzarik. Eta gogoeta batetik bestera. Izan ere, internet liburutegi izugarria bilakatu arren, funtsezko aleak falta zirela egiaztatu genuen.

Ondorioz, informazioa zuzenean emateko erronkaz gain, Euskal Herriko errealitate informatiboa astintzen duten gertakariak osatzeko eta testuinguruan kokatzeko helburua hartu genuen gure gain. Horixe da, hain zuzen, gure orrialdeetara jotzen dutenei bestelako "on line" eskaintzetan askotan ikusten ezin diren gai askotxoei buruz atal bereziak eskaintzeko arrazoi nagusia. Gai horien artean, gehiengoaren eskaria den euskal selekzioaren gorabeherak, gizarteak sakonean errefusatzen duen torturaren gaitza, herri eta herritarren eskubideen inguruan nazioarteko hitzarmen nagusiak... jorratu ditugu hastapenean.

Gure esparru komunikatiboan nagusitasuna duten proiektuek milioi askoko zifrak eskatzen dituztela eta Garak zifra horietan nekez pentsa dezakeela jakinik ere, sarearen bitartez gure errealitatetik hurbilenaren berri ematen lagunduko duten urrats txikiak egiten jarraitzeko asmoa dugu. Herriz-herri, eskualdez-eskualde, edota nazio mailan loratzen ari diren beste egitasmo informatiboen ahaleginekin bateginez, sarean gure arrasto apala uzten saiatuko gara.

Erantzun

Sartu