Datorren ikasturtetik aurrera, Irakasle Ikasketak Eskoriatzan egiten ari diren ikasleek aukera izango dute zenbait ikasgai San Diegoko unibertsitatean egiteko, Kalifornian. Humanitateak-Enpresa ikasten ari direnek, berriz, Central England izango dute aukeran, Birmingham-en.
Mondragon Unibertsitateak konpromiso bat du bere ikasleak hiru hizkuntzatan hazteko: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Horixe adierazten du Mendeberri hezkuntza proiektuak eta helburu hori sendotzeko dihardu unibertsitateak eguneroko jardunean.
Ekonomiaren globalizazioak, bestalde, areagotu egiten du hizkuntzak erraz erabiltzeko premia. Eta gure enpresetan ere gero eta garrantzitsuagoa da hizkuntzak menderatzea. Beste horrenbeste gertatzen da gure ikastetxeetan.
Bere konpromisoa sendotze aldera, Mondragon Unibertsitateak hitzarmen bana egin du San Diegoko eta UCE unibertsitateekin. Bietan zehazten da datorren ikasturtearen lehen lauhilekoan hainbat ikasle joango direla bai San Diegora eta baita Birminghamera ere, 3. mailari dagozkion ikasketak egitera.
San Diegora Irakasle Ikasketak egiten ari diren ikasleak joango dira. Birminghamera, ostera, Humanitateak-Enpresakoak.
Helburuak
Hitzarmen hauek hiru helburu dituzte nagusi:
Diru laguntzak
Mondragon Unibertsitateak diru laguntzak emango dizkie atzerrira joango diren ikasleei, hauen gastuak arintze aldera. HUHEZIko ikasleak atzerrian dauden bitartean, HUHEZIko ikasle izaten segituko dute, eskubide eta betebehar guztiekin. Fakultateak, bestalde, konbalidatu egingo dizkie lehen lauhilekoan atzerrian ikasitako irakasgai guztiak. Eta atzerriko egonaldia amaitu ondoren, ikasleek hona itzuli eta hemen jarraituko dute ikasten, 3. maila amaitu arte.
University of San Diego
Misión izeneko badiaren gainean dago, Kaliforniaren mugako hirian, Estatu Batuetan. Berrogeita hamar urte daramatza lanean eta gaur egun 6.900 ikasle ditu, aukeran dituztenak 50 lizentzia eta graduatuondoko programa.
Unibertsitate pribatua da eta katolikoa. Bost fakultate ditu: Arte eta Zientziak, Enpresen Administrazioa, Zuzenbidea, Erizaintza eta Irakasletza. Gure ikasleak azken honetara joango dira, Irakasle Eskolara, non bi espezialitate izango dituzten aukeran: Hezkuntza Berezia eta Elebitasuna.
University of Central England, Birmingham
Unibertsitate hau Ingalaterraren bihotzean dago, Birmingham hirian eta 150 urteko historia du. Urte horietan hainbat ikastetxe atxikitu zaizkio. Gaur egun 25.000 ikasle ditu, zortzi campusetan barreiatuta.
Unibertsitate honek bederatzi fakultate ditu: Kontserbatorioa, Artea eta Diseinua, Ingurumena, Enpresa, Informatika, Informazioa eta Ingelesa, Hezkuntza, Osasuna eta Komunitatearen Zaintza, Zuzenbidea eta Gizarte Zientziak eta Berrikuntza Teknologikoa. HUHEZIko ikasleak Enpresa Eskolara joango dira eta hantxe beste 4.000 ikaslerekin jardungo dute.
Erantzun
Sartu