Aste honetan, erdi mailako enpresek egin dute gora nabarmen Espainiako burtsan. Jendeak alde egin du inbertsioak Argentinan eta Venezuelan dituzten enpresetatik eta sartu du dirua ondo kudeatutako beste zenbait enpresatan. Tartean Nafarroako batean: Viscofán. Hau %50 baino gehiago igo da jardunaldi honetan.
Baina zer da Viscofan? Enpresa bat, sortu zena 1975ean Iruñean eta produkzio gunea Casedan duena. Hasi zen zelulosako bilgarriak edo azalak egiten saltxitxak eta bestelako haragikiak biltzeko. 1986an burtsara irten zen, dirua behar zuen-eta mundura zabaltzeko. Bi urte geroago IAN enpresa erosi zuen (Industrias Alimentarias de Navarra) eta sartu zen bete-betean barazki kontserben negozioan.
Baina jauzirik handiena 1990ean egin zuen, Naturín enpresa alemaniarra erosi zuenean, 16.000 milioi pta baino gehiago ordainduta. Viscofánek halako hiru fakturatzen zuen enpresa alemanak, baina erosketa honi esker, nafarrek irabazi handiak lortu zituzten: inor baino hobeto kokatu ziren Ekialdeko Europan sartzeko; zabaldu egin zuten beren produktuen gama, izan ere, alemanek plastikozko eta kolagenozko bilgarriak egiten zituzten haragikiak biltzeko; eta sartu egin ziren Ipar Ameriketako merkatuan, non zelulosazko bilgarriek itxita zeuzkaten ateak.
Harrezkero indar handiz zabaldu da munduan zehar: fabrika bat sortu zuen Brasilen, beste bat erosi Txekian, Viscofán Asia Pacific sortu Singapurren, ordezkaritza bat ireki Moskun, beste fabrika bat Alabaman (AEB) eta, bide batez, IAN lider egin du munduan zainzurien negozioan.
Viscofán ohore guztiekin sar daiteke Irizar, Eroski, Gamesa, CAF eta Danobat bezalako enpresa euskaldunen taldean, non merkatu berriak irabaztea ezinbestekoa izan den zulotik irteteko.
Erantzun
Sartu