Teknologia albisteak
1

eGipuzkoa 2005 plana aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Miramongo Parke Teknologikoa
2002-04-25 : 18:04

Gipuzkoako Foru Aldundiak eGipuzkoa 2005 Plana aurkeztu du gaur Miramogo parke teknologikoan. Roman Sudupe diputatu nagusiak aurkeztu du ekitaldia, eta Pedro Miguel Etxenike zientzialaria eta Anjel Lertxundi idazlea izan ditu hizlari ondoan. Azken honen interbentzioa, osorik, Sustatu-ko artikulu honekin batera.

Planaren arduradunek azaldutakoaren arabera, eGipuzkoa 2005 planaren helburua da Gipuzkoa Informazioaren Gizartean txertatzea, eta horren onurak pertsona guztientzat izan daitezen bermatzea.

Sei helbururen inguruan gauzatuko da plangintza.

  1. Telekomunikazio zerbitzu aurreratuenetara abiadura handiko sarrera izatea.
  2. Biztanleentzako prestakuntza digitala.
  3. Enpresaren konektibitatea eta merkataritza elektronikoaren garapena.
  4. Zerbitzu publikoak sarean.
  5. Pertsona guztiak barneratzen dituen gizartea.
  6. Berariazko kalitateko prestakuntza eduki digitalak sortzea.

Helburu hauen barruan, 47 egitasmo zehatz ere marraztu dira. Eta lau urtean horiek garatzeko 63 milioi eurotako inbertsioa aurreikusten da.

Aipatutako seigarren helburu horren barruan, euskararen hedapenarekin zerikusia duten zenbait egitasmo aipatzen dira. Hala nola, besteak beste...

  • Informazio ataria euskaraz, hainbat iturritatik datozen edukiez horniturikoa, informazio orokorrarekin batera tokian tokiko informazioa eskainiko duena, hain zuzen.
  • Donostiako Kanpuseko Informatika Fakultatearekiko erakunde arteko lankidetza.
  • Euskararen irakaskuntza sarean bultzatu eta garatzea, eta sareak eskaintzen duen aukera euskara kanpora atera dadin aprobetxatzea.

Ekitaldia Miramongo areto nagusian izan da, eta urrutiko bideo-konexio bati esker, Josu Jon Imaz EAEko Industria sailburuak ere parte hartu du. Pedro Miguel Etxenike eta Anjel Lertxundi izan dira hizlari gonbidatuak. Besteak beste zera esan du Lertxundik: Informazioaren gizartea ere ez da biktimen falta egongo, baldin informazioaren erabilera balore batzuen araberakoa ez bada. Baina gu baloreei bizkar emanda bizi bagara eta aurrerabideak ezin baditugu baloreen galbahetik iragazi, zer egin efikaziaren eta aurrerabidearen aldarean sakrifikatutako biktimen aurrean eta alde?

Anjel Lertxundiren testu osoa irakurtzeko, egin klik eta jaitsi RTF dokumentu hau.

Erantzunak

Kike
2002-04-26 : 14:16

eGipuzkoa plana ikaragarria izango da, baina eGipuzkoa.net portala bisitatuz gero, Plan ikaragarriari buruzko informaziorik ez dago. Portal hori ez dute berritu iaztik. Super-aurkezpenak egiteko gai badira, baina web bat eguneratuta izateko gaitasunik ez dute.

Erantzun

Sartu