Teknologia albisteak

Oñatik turismo bulego birtuala sortu du

Erabiltzailearen aurpegia
Aintzane - Goienkaria
2002-04-22 : 11:04

Oñatiko Turismo eta Garapen agentziak bultzatuta, otsailean estreinatu zuten oinati.org webgunea. Euren helburua da Oñati ezagutzera ematea eta bazter guztietako turistak herrira erakartzea.

Turista potentzialak ditu helburu, beraz, webgune berri horrek. Turismo eta Garapen agentziako arduradun Elena Inzaren esanetan, ez da herritarrengan pentsatuta egindako webgune bat, bisitari izan daitezkeen kanpotarrei informazioa zabaltzeko baizik. Horrela, alojamenduaren, herrian egin daitezkeen ibilaldien eta ondare artistikoaren gaineko informazioa eskaintzen du, besteak beste. Argazki bilduma bat ere badago, turistek, etorri aurretik, herria zelakoa den irudika dezaten.

Momentuz, euskaraz eta gazteleraz irakur daiteke informazioa, baina turistei zuzendutako webgunea izanik, beste hizkuntza batzuetan ere eskaintzea da euren asmoa: katalanez, ingelesez eta frantsesez irakurtzeko aukera egongo da urte amaierarako.

Oñatiarrendako intereseko atalak ere baditu, baina, webguneak. Esaterako, agenda bat du, herrian egingo diren ekitaldien berri ematen duena. Norbere ordenadorearen pantaila babesle gisa Oñatiko irudi bat jartzeko aukera ere eskainiko ei du laster.

Beste atal garrantzitsu bat Arrikrutzeko koban egingo den proiektuaren gainekoa da. Etengabe proiektu horren gaineko informazioa eguneratzen joango dira. Proiektu horixe da Turismo eta Garapen agentziak momentu honetan eskuartean duen proiekturik garrantzitsuena.

Turismo agentzia birtual honek denda birtual bat ere badu, eta salgai daude hantxe, Udalak argitaratu izan dituen hainbat liburu eta bideo.

Bukatzeko, bitxikeria bat: www.oinati.org izena jarri behar izan diote web orrialdeari, ñ hizkia ez delako esistitzen atzerrian. Horra hor, turismoari zuzendutako orrialdea denaren beste seinale garbi bat.

Erantzun

Sartu