Teknologia albisteak

SuSE Linux irakaskuntzan

Erabiltzailearen aurpegia
Gorka Jakobe Palazio - EHU
2002-04-16 : 11:04

Linux sistema eragilearen abantailak irakaskuntzan azalduko ditu SuSE Linux banaketaren arduradun batek, ostiralean Zamudioko parke teknologikoan, ekitaldi ireki batean.

Datorren ostiralean, apirilaren 19an eta 11.00etan hasita, Zamudioko Teknologigunera heltzen da SuSE Linux. Enpresa alemaniarra Estatu espainiarreko unibertsitate eta teknologigune batzuetan zehar egiten ari den biraren barruan sartzen da ekitaldia. Horrrela, munduko bigarrena eta Europako lehena den distribuzio handienak lehenengoz bisitatzen du EHU. Bira honetan PC Actual aldizkariak ere parte hartzen du.

Zamudioko ekitaldian Rafael Grimán jaunak mintzaldia emango du Linux sistema eragilearen abantailak irakaskuntzan titulupean eta merkaturatzeko zorian dagoen SuSE Linux distribuzioaren bertsio berriarekin erakustaldia egingo du -8.0 bertsioarekin, alegia-. Gainera distribuzio batzuen zozketa egingo da entzuleen artean banatzeko.

Mintzaldia izango den aretoak duen edukiera dela-eta, antolatzaileek erregu egiten dizuete joan nahi izanez gero posta elektronikoz baieztatzeko ondoko helbidean: nerea@parque-tecnologico.net . Mezuan honako datuok sartu, mesedez: izena eta deitura, norberaren lan mota eta email helbidea edo telefono zenbakia harremanetan egon ahal izateko, beti ere mezuaren goialdean SuSE LINUX ipiniz.

Ekitaldia Euskal Herriko Unibertsitateko "Komunikazio enpresa multimediatikoen egile eta kudeatzaileak" deritzon masterrak eta Zamudioko Teknologiguneak antolatu dute. Zamudion, ostiralean izango den hitzaldiaren gaineko informazioa SuSE enpresak Alemanian daukan zerbitzari-klusterreko web-orrialde honetan ikusi ahal da.

Erantzun

Sartu