Egoera ekonomikoa ez da bat ere ona telebistendako, eta ITV digital katea desagertzear dago. Audiovisual Sport katea ere krisi ekonomikoan dago, eta badirudi telebisten diru iturria bukatu egin dela. Nola eragingo dio honek euskal futbol taldeei?
Azken urteetan, Espainiako Futbol Txapelketa "Izarren Liga" bilakatu da, eta neurri handi batean horren erantzule telebista kateak izan dira. Futbolaren alde apustu sendoa eginez, telebista kateek dirutza mordoa eman die klubei irudi eskubideen truke. Horrela ezagutu ditugu Rivaldo, Raul edo Zidanek kobratzen dituzten zifrak. Orain ordea, badirudi apustu hori neurrigabekoa izan dela, eta ondorio txarrak dakartza.
Hainbat telebista katek pot egin dute, Alemanian kasu, eta badirudi Espainian irudi eskubideak dituen Audiovisual Sport kate digitala kolokan dagoela. Hori dela eta, hainbat taldetako presidente arduratsu agertu dira, eta datorren denboraldirako fitxaketen inguruan galdetzerakoan lasaitasuna eskatzen dute.
Javier Uria, Athleticeko presidenteak argi dauka talde txuri gorria noraino iritsi daitekeen, eta presidenteak ardura berezia agertu du krisialdi horren aurrean. Besteak beste, Urzaizen kontratua berritzea oraindik zintzilik dago, baina aldi berri honetan gerrikoa estutu egin behar bada, aurrelari bilbotarrak eskatzen duena larregikoa ei da.
Jose Luiz Astiazaran lasaiago omen dago. Realeko presidenteari Diario Vasco-k egin berri dion elkarrizketan zera dio: Realak oraindik ez du telebistek emandako dirua gastatu, eta 2003an libre izango gara, berriz ere eskaintza onena hartzeko aukera izanez.
Hainbat taldek dagoeneko milioi mordoa gastatu dute, eta horri aurre egin behar. Horietako talde bat Celta omen da. "Hainbat taldek ahal dutena baino gehiago gastatu dute, eta horrek ondorioak izango ditu". Kontutan izan behar da telebistek emandako dirua taldeen aurrekontu osoaren %30 eta %50 bitartekoa dela, hortaz, badago non hausnartu.
Azken datua; Real Madril eta Bartzelona dira momentuz telebista kateekin kontratu berria sinatu duten bi talde bakarrak.
Telebisio Españolak 150 milioi euro (ia 25.000.000 milioi pezeta) eskeini dizkio Via Digital izeneko kateari aurtengo futbol mundialeko 25 partida eta 2006koan beste horrenbeste transmititzeko eskubideengatik. Beraz, partida bakoitzeko 3 milio euro (500 milioi pta) pagatzea errentablea zaio ezta? Halako partida asko batek daki ze ordutan izango diren, futboleroenek baino ez dituzte ikusiko partida horiek eta publizitatearen eragina askozaz txikiagoa izango da. Nola da posible, orduan?