Teknologia albisteak

Berrehun bat informatika zale bildu dira Durango Partyn

Erabiltzailearen aurpegia
Joseba
2002-04-06 : 13:04

Joan den ostegunean hasi zen Durango Party informatika bilgunea. Igandera bitartean 200 bat lagun arituko dira Landakoko kiroldegian elkarri lanak erakusten eta parte hartzen lehiaketetan. Joan nahi duzuenok, oraindik garaiz zaudete.

Orain hiru urte hasi zen ACID elkartea Durango Party antolatzen. Orduan 80 bat lagun bildu zituen. Bigarren aldian, ostera, 150. Eta aurten, 200. Poliki-poliki, baina haziz doa informatika zaleen bilkura hau.

Antolatzaileek adierazi duten bezala, parte hartzaile gehienak ikasleak dira, 18 eta 24 urte arteko mutilak, Euskal Herria, Madril, Galizia eta Kataluniatik etorriak. Hala ere, aurten banaka batzuk Frantziatik ere etorri dira. Parte hartzaileek 15 euro ordaindu beharra dute eta, besterik gabe, azti hauek hurbiletik ikusi nahi dituenak, hiru euro. Izango da, bai, zer ikusirik franko. Izan ere, herri kirol ugari izango da: CD-jaurtiketa, nork muntatu eta desmontatu bizkorren ordenagailu bat, etab., etab. Guztira 1.500 euro banatuko dira saritan.

Aurten programazioa, grafikogintza, musika eta sareko jokoak landuko dira batik bat. Gauetan saio bereziak antolatu dira demoak erakusteko. Bilgunea irekita dago egunaren 24 orduak. Lo egin nahi duenak, ostera, aukera izango du, bilgunearen ondoan jarri duten beste areto handi batean.

Gomendioak etorri nahi duenari

  • Tresneria. Durango Party-an parte hartzeko zure informatika tresneria ekarri beharko duzu, PC, Amiga, MAC, MSX, Commodore… Kontuan euki elektrizitate sarrera bakar bat bakarrik izango duzula, eta bertora amoldatzeaz zu zeu arduratu beharko zarela.
  • Ordenagailua. Ez da beharrezkoa ordenagailua ekartzea, baina primeran pasatzea nahi baduzu zeharo gomendatzen dizugu.
  • Sarea. RJ45 Ethernet sare txartel bat ekarri beharko duzu sarea erabiltzeko.
  • Entzungailuak. Kanpo bozgorailuak zuk zeuk erabiltzeko dira; horregatik komenigarria izango litzateke entzungailuak ekartzea, bozgorailuen erabilera ezegokia egiten bada, debekatu egingo direlako.
  • Lo zakua. Ez ahaztu zure lo zakua, garbitzekoak eta abarrak ekartzeaz.

Adi: Antolakuntzak ez du inolako materialik utziko, partaide bakoitzak bere tresneria ekarri beharko du.

Erantzun

Sartu