Teknologia albisteak

Administrazioa online: ikerketa interesgarri bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2002-04-04 : 20:04

Oso ikerketa interesgarria argitaratu dute Estatu Batuetan, online dauden administrazioen webguneen erabileraz. Ondorio argiak: herritarrek asko erabiltzen dituzten guneak dira hauek. Kirol emaitzak jakiteko baino gehiago konektatzen dira amerikarrak administrazioaren guneetara. Beste datu bitxi bat: halako toki batera abiatzeko, internautek gutxitan egiten dute lehenbizikoan: bilatzaileetatik abiatzen dira aldi guztietatik erdietan. Alegia: bilatzaileak kontuan hartzen ez dituen administrazioak jai du online (erabiltzaileak erdira jaitsiko zaizkio).

Emaitzak erronka bat izan daitezke hemengo administrazioentzat, dudarik gabe.

Hementxe duzue txostenaren berri, eta txostena osorik PDF formatuan eskuratu dezakezu.

Datu zaparrada, adibide gisa:

  • Estatu Batuetako herritarren artean. 42 milioik jakin izan dute politika publikoen berri Interneten bidez.
  • 23 milioik bidali izan dizkiete komentarioak funtzionario eta agintariei.
  • 13 milioik hartu dute parte lobby egiten online (presio edo laguntza kanpainak, egitasmo publiko baten kontra edo alde).
  • Erabiltzaileen %80 pozik daude webgune federal, estatal eta lokalek ematen dietenarekin. Zenbat eta lokalago, orduan eta kaskarragoak omen guneak, dena den, erabiltzaileen pertzepzioan.
  • Erabiltzaileen erdiek uste dute administrazioarekin duten harremana hobetu egin dela Interneti esker.
  • Erabiltzaileen ia erdiek (%49) osasunari eta segurtasun gaiei buruzko informazioa bilatu dute.
  • Trantsakzioen alorrean, erabiliena zerga ordainketa da (erabiltzaileen %16k erabilia).

Azken alor honetan, aipatzekoa da nola errenta aitorpena web bidez egiteko kanpaina jarraiak egiten dituztela foru aldundiek duela urte batzuetatik hona. Baina beste trantsakzio batzuk errazteko ez da horrelako laguntzarik ikusten. Aldiz, Estatu Batuetan, zergak ordaintzeaz gain, badago Internetez egin daitekeen gauza gehiago: auto lizentzietan eta gida baimen berrikuntza gune hauen erabiltzaileen %12ak egin du Internetez. Beste lizentzia batzuen eguneratzea ere antzeko portzentaiak egin izan du...

Erabiltzaileen profila ere adierazgarria da. Administrazioaren guneak erabiltzen dituztenek online longevity handia dute: erdiek baino gehiago bost urte edo gehiago daramatzate sarean surf egiten. Alegia, gune administratiboak Internet zer den ondo dakien jendearentzat dira une honetan. Haiek ateratzen diete zuku gehien.

Eta beste datu bat: gutxi joaten dira zuzenean administrazioaren e-zerbitzuetara. Bilatzaileetan bilatuta egiten dute erdiek (%29), eta gainerakoen artean ere, hirugarren erreferentzien bidez iristen dira gehienak. Ondo zaindu behar bilatzaileak, beraz...

Txostenak ez du, nolanahi ere, webguneen helbide zehatzik eta adibide konkreturik ematen. Bat edo beste aipatzen du soilik. Adibidez, webgunea focus group edo erabiltzaile-talde hautatuen erreakzioei esker osatu eta hobetu duen administrazio batean, Virginia estatuko Fairfax konterriaren webgunearena.

Erantzun

Sartu