Teknologia albisteak

IV. Bilboeszena antzerkialdia Kafe Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia
Jabi - Zenbat Gara
2002-03-20 : 22:03

Udaberria hasi berri, urtero legez, Zenbat Gara elkarteak, Kafe Antzokiaren programazioaren barruan IV. Bilboeszena, antzerkialdi zikloa antolatu du. Hiru egunez jarraian era askotako antzerki emanaldiez gozatzeko aukera izango da, publiko eta adin ezberdineri zuzenduaz.

IV. Bilboeszena Antzerki zikloa

IV. Bilboeszena Antzerki zikloa

Antzerkialdia larunbat honetan hasiko da arratsaldeko 18:30 etan, Zaparrada Gaztegunearen barruan; 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat Zenbat Gara elkarteak Kafe Antzokian martxan jarri duen ekimen berria. Egun horretan, gazteei zuzenduta Arrasateko Txatxiartistak arituko dira "Eguzkiaren Bila" antzezlanarekin eta bestetik Bilboko Txurdinagako Institutoko Ikasleak, "Guda" antzezlana aurkeztuz.

Igandean, umetxoei begira, Olgetan Haur Jaiaren barruan Ane Monna, Oskola eta Karramarroi maskotek "Morgan Pirata Gaiztoa Lapurretan" obra antzeztuko dute. Arratsaldeko 18:00 etan izango da hori. Egun berean baina 20:30 etan, Ander Lipus-ek zuzentzen duen Antzerkiola Imaginarioaren azken ekoizpena, "Mundopolski: Erreboltaren Ziaboga" ikusgai izango da. Giza oroimenaren barreneko txangoa, umorea, etsipena, alaitasuna eta desilusioa trebeki uztartuz eta dramatismo handiz garatuz. Jon Gerediaga eta Unai Garate dira egileak eta Alez Gerediagak zuzendu du lana.

Egun bat beranduago, astelehenean eta baita 20:30etan "Trokaolatarrak" obra aurkeztuko du Deustuko Gilkitxaro Antzerki Taldeak. Berau dugu taldeak sortu duen laugarren antzezlana. Agerraldi bakar batean gertatzen den baserri komeria da, ohiturari eta tradizioari buruzko erreferentziz betea. Pertsonaien arteko harremanak eta gorabeherak bertsoz eta musikaz ere lagunduak dira. Kaosean bukatzen den tentsioa. Bilbo erdian hiru egunez antzerkiaz gozatzeko aukera ezin hobea izango da hurrengo egunetan. Era ezberdinetako antzezlanak eta adin ezberdinei zuzenduak.

Erantzun

Sartu