Bixente Iriart musikaria hil da
Musikari gazte, dinamikoa eta ezaguna genuen gure artean bxt, besteak beste Basque Electronic Diaspora ekimeneko sortzaile eta bultzatzaile nagusia zelako. Iaz, "Soupcons" (Xorta) diskoa kaleratu zuen, berak sortutako Counter-reset disketxearen bidez, Parisen eta gero Euskal Herrian ere banatua izan zena.
Irratia.com egitasmoa hasieratik lagundu zuen gogoz Bixente Iriart gure lagunak. Eta basque electronic diaspora eta gure internet bidezko irratiaren artean burutu genuen proiektu bat baino gehiago. Beraien kantak sarean jarri genituen, Bilbon eskainitako kontzertua zuzenean eskaini genuen mundu osora eta elkar ulertu genuen.
Euskal Herrian emanaldi asko eginikoa genuen, azkena iazko Elektronikaldian. Hala ere, musika elektronikoaren munduan abiatu aitzin hainbat musika taldetan gitarra apala (baxua) jotzen aritua baitzen, tartean Anje Duhalde edota Txakun bezalako taldeetan.
Euskal Herriak musikari handi bat galdu du. Sortzailea, mundu berrietan abiatu zena. Mundu osoko euskal musikariak batzeko gaitasuna ukan duena, eta hemen eta han proiektu anitz abiatzen aritu dena. Gogoan zaitugu gure bxt laguna, atxik gogor!
Hemendik gure dolumina adierazi nahi diogu Bixenteren familiari eta gogorazi haren ehorzketa bihar, asteartea, izango dela Donibane Garazin.
Loturak:
- Basque Electronic Diaspora
- Soupcons eta Counter Reset
- Elektronikaldia
- Elkarrizketa irratia.com-en
- Kontzertua Kafe Antzokian (2001/5/10 RealAudio)
- Bixenteren argazkia (2048x1536pixel) Irratia.com-ek egina 2001/5/10 Bilboko Kafe Antzokian. Libreki erabiltzeko hemen
______________________
EUSKAL IRRATI DIGITALA
http://www.irratia.com
Sareko Argia Saria 2001
Erantzunak kargatzen...