Internet-en denborarik ez galtzeko sekretuetako bat bilatzen jakitea da. Baina erabiltzaileok eskura ditugun zerbitzu ahaltsuek ez digute bilatzen ari garen hori topatuko dugula ziurtatzen. Princeton-go NEC Ikerketa Institututik estekei etekin handiagoa ateratzea proposatu dute, norberaren interesei egokitutako bilaketa eraginkorrak egin ahal izateko.
Bilaketaren abiapuntua sarearen komunitate-egitura da. NEC Ikerketa Institututuko Gary Flake-ren taldeak, web guneen arteko esteketan oinarrituta, bilaketa egiteko algoritmo berri bat sortu du eta, esan dutenez, Yahoo! eta Google bilatzaileei ihes egiten dieten kalitateko handiko web guneak topatzeko gai izan dira.
Flake-k dioenez bilatzaileek ez dute erabat islatzen Internet-en komunitate-egitura. Bilaketetan estekak kontuan hartu zituen lehen bilatzailea Google izan zen, orriak sailkatzeko orduan, A web guneak B web gunera egiten duen lotura B-rentzako boto bezala hartzen baitu. Baina algoritmo berriak ez bezala, ez ditu A web gunearen esteka guztiak kontuan hartzen.
Algoritmoa zientzialari ospetsuen web orrietatik abiatuta probatu dute, zehazki, Francis Crick biologoarena, Stephen Hawking astrofisikariarena eta Ronald Rivest informatikariarena, eta ikertzaile horien biografiarekin, lanarekin eta ikerketa-esparruekin lotutako web orriak topatu ditu. Emaitza guztiak hertsiki erlazionatuta daude gaiaren aldetik eta, Flake-ren ustez, propietate hori oso interesgarria da bilaketa zehatzak egin nahi dituenarentzat.
Flake-k algoritmo berria orain arteko bilaketa sistemen osagarri izan dadin nahi du, estekek sortutako egiturek bilaketa egokitu eta eraginkorragoak egiteko aukera eskain baitezakete. Flake-ren ustez erreminta hori bereziki interesgarria da zientzialarientzat, euren orriak elkarrekin lotzeko joera handia baitute. Baina guztiontzat balioko du.
Orain, Interneteko komunitateen mapa egiten ari dira, hasierako orririk gabe algoritmoa nola dabilen probatzeko.
Gehiago jakiteko Zientzia.net edo Nature
Erantzun
Sartu