Teknologia albisteak
1

Alicia Keys, U2 faboritoen aurretik Grammyetan

Erabiltzailearen aurpegia
Leire - Oñatitik
2002-02-28 : 11:02

Gaurko egunkariek erakutsi ez diguten arren, banatu dira Grammy sariak. Alicia Keys izan da nagusi. U2-koak ere ez ziren esku hutsik joan, urteko grabaketarik onenaren Grammya irabazi zuten, baina ez dute lortu espero zen guztia.

Alicia Keys, 21 urteko bakarlari eta abesti idazle new yorkarra, izan da aurtengo Grammy musika sarietan nagusi. Grammy musika sariak asteazkenean banatu zituzten, 44. aldiz, Los Ángelesen (AEB). Sei saritarako proposatu zuten Keys, eta horietatik bost irabazi ditu: kategoria orokorrean, urteko abesti onena (“Fallin’”) eta urteko musikari berri onenaren Grammyak eraman zituen; eta Rhythm&Blues kategorian, sari garrantzitsuenak ere beretako izan ziren: R&B abestirik onena (Fallin’), R&B diskorik onena (“Songs in a Minor”), eta R&B musika interpretaziorik onena (“Fallin’” abestiarengatik).

Sariok hurrengo diskoarengan presioa egingo zioten galdetu ziotenean, honela erantzun zuen Keys-ek: Horrek ez nau bat ere arduratzen. Gauzak ondo egiteko modua bihotzez egitea da. Hurrengo diskorako prest nago.

Era berean, Jeff Robinson bere managerrari eskerrak eman zion. Eta esaldi gogoangarri batekin bukatu zuen hitzaldia: Jendeak beti esaten du ezin duzula edozer gauza egin, baina ez da egia; nahi duzun edozer egin dezakezu.

U2 irlandarrak, iazko irabazle nagusiak eta aurtengo faboritoak, ez ziren esku hutsik joan: kategoria orokorrean, urteko grabaketarik onenaren Grammya irabazi zuten, Walk On (All that you can’t leave behind) diskoarengatik, nahiz eta zortzi izendapenetik lautan besterik ez ziren gailendu: aipatutakoaz gain, rock diskorik onenaren eta taldeko pop interpretaziorik onenaren Grammyak irabazi zituzten. Hala ere, irlandarren garaipenak porrot antza izan zuen, izan ere, taldea Grammy sarien historian sartuko zela espero zen, iazko garaipena errepikatuaz.

Dena dela, edizioko ustekabe handia urteko diskorik onenaren sariaren eskutik etorri zen: ez Bob Dylanek, ez U2k, baizik eta soinu banda batek irabazi zuen sari preziatu hori. Joel eta Ethan Coen anaiek zuzendutako ‘O, Brother’ filmaren soinu banda izan zen garaile. Hainbat artistak hartu zuten parte disko horretan, eta Estatu Batuetako hainbat abesti tradizional biltzen ditu.

Grammy sariak bost kategoriatan banatzen dira: orokorra, popa, rocka, R&B/Rapa eta soinu bandak. Beste irabazle batzuk honakoak izan ziren: Nelly Furtado, James Taylor, Sade, Janet Jackson, Eric Clapton, Lenny Kravitz, Linkin Park, eta abar. Ekitaldiak 3 ordu eta erdi iraun zuen eta 175 herrialdetan eskaini zuten telebistaz.

Musika industriak indartsu jarraitzen duela erakutsi nahi izan zen, hainbat arazo dituen arren: besteak beste, azken hamarkadetan lehenengo aldiz disko salmentak jaitsi egin dira, eta gero eta artista gehiago disko etxeek inposatzen dituzten kontratuen aurka protestan ari dira. Era berean, irailaren 11n New Yorken izandako atentatuak direla-eta, hiri horren gaineko hainbat abesti eskaini zituzten.

Horrez gain, gero eta disko gehiago kopiatzen direnez, Michael Greenek, Diskografia Arte eta Zientzien Akademiako presidenteak, praktika horren aurkako iritzia azaldu zuen bere hitzaldian.

Erantzunak

Luistxo
2002-02-28 : 16:29

Atzo, hortik zehar nabegatzen, aurkitu nuen ohartxo bat "munduko weblog musikal onena" zela U2-ren inguruko U2log.com delakoa.


Iritzi bat izango da, ez epai irmo bat, diot nik. Egongo da weblog musikal gehiago hortik...


Erantzun

Sartu