Teknologia albisteak

UZEIren Sinonimoen Hiztegia MSWord-en

Erabiltzailearen aurpegia
Miriam Urkia - UZEI
2002-02-15 : 13:02

UZEIren Sinonimoen Hiztegia MSWord-en integratzeko proiektua prest dago UZEIk, IXA taldeak eta HIZKIAk elkarlanean egindako lanari esker.
UZEIk hiztegia liburu formatuan eta CDan kaleratu zuen, baina gaur dokumentu bat idazten ari garenean, hitzaren gainean klik egin eta sinonimoa eskuratzeko aukera dugunez, errazago joko dugu sinonimoaren bila. Gainera, XUXEN askorentzat ezinbesteko bihurtu den bezala, bi produktuek lotura zuzena dute eta XUXENek onartzen ez duen hitza zuzendu eta segidan sinonimoa eskatzeko aukera ematen digu tresnak. Aukera polita da gure hiztegia aberasteko, dokumentutik atera gabe gainera.

Halako proiektuek hizkuntza eta informatika gehiago uztartzen dituzte eta elkarren osagarri dira: euskara informatizatzea eta informatika euskalduntzea ahalbidetzen du honek. MSWord euskaldun(ago)a izan dezakegu aurki: gaur euskaraz hitz egin dezakegu gure ordenagailuarekin, oker idazten dugunean zuzentzeko proposamenak ematen dizkigu eta, berehala, zuzen idatzitakoa dotoretzen lagunduko digu.

Formaren sinonimoa lortzen dugu, ez hiztegi-sarrera bera. Alegia, “informatzaile”ren sinonimoa bilatzen badugu, baina testuan “gure informatzailearen ustez” idatzi badugu, bueltatuko diguna, besteak beste, “berriemailearen” izango da, ez “berriemaile” hutsa. Beraz, nahi dugun hitzaren gainean sinonimoa eskatu eta ordezteko esanda, idazten jarrai dezakegu, programak hitzaren analisia egiten baitu, bai eta sinonimoaren sorkuntza ere.

Emaitza hau lortu ahal izateko IXA taldeak azken urteotan garatu dituen baliabideak ezinbesteko izan dira: analizatzaile/sortzaile morfologikoa, batez ere.

Honekin batera, Microsoft-en mugak ere kontuan hartu behar dira, lehendik integratuta dituzten beste hizkuntzek baino informazio gehiago ematen baitu hiztegiak (euskalki-marka eta erabilera, esaterako) eta haien baldintza teknikoetatik atera gabe txertatu behar izan da guztia informaziorik ez galtzeko.

Une honetan hainbat lagun ari dira probatzen, test-fasean dago produktua eta aurten bertan guztien esku egotea espero dugu.

Gure lexikoa aberasteko izan dadila!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago