Teknologia albisteak

www.ertza.net, esperimentazioaren webgunea

Erabiltzailearen aurpegia
Jon Abril - Berako Kultur Etxea
2002-02-14 : 19:02

Ertz arte guneak www.ertza.net webgunea paratuko du martxan ortziralean. Musika, bideogintza, argazkilaritza, margo eta eskultura esperimentala biltzen ditu, guztiak Berako gazteek eginak. Webgunea aurkeztearekin bat, Atekaleun liburu-cda prestatu dute Ertz arte guneko Xabier Erkiziak eta Asier Gogortzak, eta lan guztiekin erakusketa bat osatu dute, otsailaren 15etik 23ra Berako Kultur Etxean

Kultura eta artea sarean paratzeko ekimena paratu du abian Ertz arte guneak. Berako 11 artistaren lanak biltzen ditu, eta guti barru bertze dozena batetik goiti talde eta artistaren lanak ikusi ahal izanen dira webgunean. Horrezaz gain, talde honek antolatzen dituen ekitaldien berri biltzen da bertan (orain artekoak zein datozenak), eta jaialdi horietako artisten informazioa eta argazkiekin osatua dago. Esperimentazioa abiapuntu izanik, herriko artisten bilgune izan nahi du eta diziplina ezberdinen zubi.

Webgunearekin batera ATEKALEUN liburu-cda osatu dute Asier Gogortza argazkilariak eta Xabier Erkizia musikariak. Gogortzak estenopeika teknikarekin egin ditu argazkiak, berak sortutako argazki makinekin; eta Xabier Erkiziak Gogortzak argazkiak ateratako eremuetan egindako landa grabazioak erabili ditu musika egiteko oinarri.

Webgunearen eta liburu-cdaren edukiekin erakusketa paratu dute Berako Kultur Etxean, otsailaren 15etik 23ra (igandean izan ezik), 18:00etatik 20:00etara.

Erantzun

Sartu