Sustatu logoa Teknologia albisteak

Windows sistema eragileak Zope-rekin lotzeko

Luistxo - Code & Syntax
2002-02-12 12:02

ImportNTGroups sortu duen informatikaria Igor Leturia da, Arrasateko Emun enpresan lan egiten duen teknikaria. Produktuaren eta bere lanaren propaganda egiteko eskatu diot Igor Leturiari, eta lotsati samarra bada ere, lerro batzuk bidali dizkit. Horra:

EMUN Arrasaten dagoen kooperatiba bat da, enpresei euskararen inguruko zerbitzuak ematen dizkiena (euskara planak, itzulpenak...) edo beste zerbitzu kualifikatuak euskaraz ematen dituena (lege aholkularitza, ekonomia aholkularitza...).

EMUNek Zoperen aldeko apustua egin du. Beraien intraneta Zopen garatzen ari dira, baina horrez gain barne-gestiorako aplikazio guztiak ere Zopen egiten ari dira (datubase-aplikazioak eta beste).

Erabiltzaileak, taldeak eta baimenak leku bakarrean zentralizatzeko asmoz, Zopeko produktu bat garatu dute (ImportNTGroups), Windows zerbitzariko (Windows NT edo Windows 2000) taldeak Zopera inportatzen dituena. Aurrez garatuta zegoen beste produktu batekin batera (Windows zerbitzariko erabiltzaileak Zopera inportatzen dituena), erabiltzaile eta taldeak toki bakarrean kudeatzea lortzen da honela, Windows zerbitzarian hain zuzen ere, eta Zopen ere erabiltzaile eta talde horiek agertzen dira, aplikazio ezberdinetarako baimen ezberdinak eman diezaiekegularik.

Software libreak enpresetan aurrez ezarritako sistema eragileekin ere lan egin dezakeela erakusten du honek. Gauzak konpatibilitate osoarekin garatzeko asmoz sortzen direla soft librearen komunitatean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu