Interneteko errendimendu handiko konexioen merkatua ez da erraz zabalduko Europan. Gartner G2 etxeak eginiko ikerketa baten arabera, Europako kontsumitzaileek, hiru urteko epean, ez dute orain arte baino gehiago ordaindu nahi abiadura handiagoan nabigatu ahal izateko.
Gartner Group teknologia berrien merkatuan talde aditua da, eta ikerketa aurrera eramateko Alemania, Frantzia eta Britainia Handiko 6.000 etxetara deitu du. Hiru herrialde horiek dira Interneten merkatua zabaltzeko aukera gehien eskaintzen dutenak.
Ikerketa horren arabera, kontsumitzaileek atzera egiteko faktore garrantzitsuena prezio altua da. Errendimendu handiko konexioetarako 45 eta 60 euro bitarteko hilabeteko kuota ordaindu behar da, hau da, gaur egun errendimendu txikiko konexioengatik ordaintzen denaren bikoitza, gutxi gorabehera. Gainera, edukietan ez da hainbesteko alderik nabari. Horregatik, Gartner-ek galdezkatutako etxeen % 10ek soilik uste du merezi duela horrelako inbertsio bat egitea.
Profesionalek diotenez, abiadura ez da nahikoa kontsumitzailea erakartzeko eta prezioak merketu egin behar dira. Bill Gates, Microsoft-eko zuzendaria ere iritzi berekoa da eta teknologia garatuko bada Estatu Batuetan errendimendu altuko konexioen prezio altuak jaitsi egin behar direla dio.
Informazio gehiago: www.zientzia.net
Erantzun
Sartu