Teknologia albisteak
1

“Operación Triunfo”. Ni ere hortxe.

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2002-01-24 : 00:01

Joan den igandean iloba batek azaldu zidan zer den “Operación Triunfo”. Nor den nor, bere kuttunena, publikoaren gogokoenak, zergatik, nor ahotsik ederrenaren jabe, etab., etab. Harrezkero egunero ikusi izan dut apurren bat eta, egia esan, gogo onez. Izan ere, badu zer ikusirik. Eta zer ikasirik.

Hasieran “Gran Hermano” ekarri zidan gogora: jende gaztea telebistaren kaiolan sartuta, voyeur guztien ikusgai. Baina berehala hasi nintzen ikusten beste elementu batzuk, saio hartatik bereizten zutenak.

  1. Irakasleak. Datorren hilean eskolak ematen hasiko naiz berriro, hamabi urte kazetaritzan egin ondoren, eta irakasleek eman zidaten atentzioa. Nola irakasten duten: leunkiro eta argi, irribarretsu eta adiskidetsu, beti ere ikaslea gogoan. Irakasle eta aktore onak dira, ez dago zalantzarik. Badakite ikasleekin nola jardun, itxuraz kontuan hartu barik kamerak. Astelehenean ikasleek emanaldia izan zuten. Asteartean ikustekoa izan zen irakasleek nola zuzendu zituzten kritika saioak: kontuak garbi, adiskide zahar. Beti ere, hori bai, kritika alde positibotik eginda eta hitz gozoekin.
  2. Kantua. Gutxi edo asko, denoi gustatzen zaigu musika. Eta polita da gazte batzuk ikustea nola prestatzen diren ondo kantatzeko. Eta batzuek zein ondo kantatzen duten! Abestiak ere ezagunak izaten dira maiz. Beraz, gu errazago sartu. Ez dauka zerikusirik “Gran Hermanon” azaltzen zen giroarekin. Hauek etengabe ari dira ikasten, atergabe hobetzen. Haiek, egonean egon, erabat asperturik.
  3. Jokoaren arauak. “Gran Hermanon” jendeak deitzen zuen norbait egozteko saiotik. Hemen, berriz, baten bat salbatzeko. Zentzu positiboagoa du.

Saioak baditu beste osagai batzuk grazia handirik egiten ez didatenak: aurkezlea, sariak eta saio horien inguruan antolatzen den parafernalia hori guztia, baina tira. Oraingoz nahiago dut alde onei erreparatu.

Erantzunak

arrasate irratia
2002-01-24 : 13:26





Harrigarria benetan, Operacion Triunfo saioa ikusleengan sortzen ari den ikusmira. Pasa den astelehenean ia 9 milioi ikusle erakarri ei zituen. Hala ere, audientziari dagokionez, oraindik ez dio Gran Hermanori irabazi. Hori argi geratu bedi!

Kontuak kontu, kongresuraino iritsi da Operacion Triunfo. Kongresuan izango dute bai zertaz eztabaidatu, baina Alderdi Popularreko Teofilo de Luis diputatuak tartetxo bat hartu du zelan ez, saioa goraipatu eta bide batez publizitatea egiteko. Operacion Triunforen gaineko hainbat galdera egin ditu kongresuan: ea zenbat balio duen saio hori egiteak, zenbat lortzen den publizitate bidez, zenbat ikusle dituen...

Galderak egin baditu, orain ikerketa zabalduko dutela pentsa genezake. En fin!

Hala ere ez dugu ulertzen zer dela eta behin eta berriro konparatzen duten Big Brother saioarekin. Gran Hermanokoek ez zutela ezer egiten? Zelan ezetz! Operacion Triunfokoak bezala eguneko 24 orduak antzezten pasatzen zuten, eta astero froga bat egin behar zuten: abestu, antzeztu....

Gure ustez, bat bestea bezain kutrea edo ona da. Hau da, bakoitzak bere alde onak eta txarrak dituela.

Arrasate Irratia



Erantzun

Sartu