Teknologia albisteak

Lionel Jospin-ek soft librea gomendatzen du

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo - Code & Syntax
2002-01-23 : 10:01

Frantziako Lehen Ministroaren gabineteak administrazioan teknologia sustatzeko agentzia ofiziala eratu du. Eta bere gomendio eta lan-ildoek bi ezaugarri nagusi dituzte: estandarrak (bereziki XML formatua eta horrek dakarrena), eta software librearen sustapena.

Lionel Jospin-en agindupeko agentzia ATICA da, Agence pour les Technologies de l'Information et de la Communication dans l'Administration. Software libreari dagokionez, gomendatzen dituen aplikazioak zuzenean Internetetik jaisteko lotura sorta bat eskaintzen du. Zerrenda horretan, Sustatu-ren azpiegitura osatzen duen Zope softwarea zenbait kategoriatan nabarmentzen dute: atariak egiteko, eduki kudeaketarako, eta elkarlan sistemetarako (groupware).

Webgunean hitz politak jartzeaz gain, software librearen promoziorako balio izan duten jardunaldiak ere antolatu izan dituzte ATICAkoek. Azkena, duela bi hilabete. Han zer tratatu zen sarean daukazue.

Ze diferentzia beste aginte publiko batzuekin. Aznar, Bill Gates-en besoetan.

Bestalde, ATICA-k tele-administrazioaren adibide onenen arteko lehiaketa antolatu du. Urtarril amaierara arte dago bozkatzeko aukera. Hautagaien artean ez dago Euskal Herriko adibiderik. Kasu honetan, jakina, ez dira bakarrik software libreko proiektuak sartzen, denetarikoak baizik.

Erantzun

Sartu