Teknologia albisteak

Hotsa eta ardaila iMac berriaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2002-01-19 : 21:01

Kritika gazi-gozoak jaso ditu iMac berriak Estatu Batuetan. Mirespena eta mesfidantza. Probatu dutenek goratu egiten dute. Kazetari askori, baina, ez zaie gustatu Applek esklusiba saldu izana Time aldizkariari eta leporatzen diote garbi jokatu ez izana. Beste batzuek ez dute uste garai ona denik berrikuntzak aurkezteko. Eta zenbaiti “mesanotxe gaineko lanpara bat” besterik ez zaio iruditu iMac berria. Bien bitartean, Applek segitzen du merkatu kuota galtzen: 2000.ean merkatuaren %3,3 zuen. Joan den urrian, %2,9.

Asko idatzi da egun hauetan iMac berriaren gainean. Guk ere idatzi genuen Sustatun bertan, aurkeztu zenean. Harrezkero, baina, askoz ere gehiago idatzi da, eta ez beti ondo, Applekin askotan gertatzen den bezala.

Hona hemen Estatu Batuetan agertu diren zenbait kritikaren laburpenak:

  • Walter S. Mossberg. “Applen iMac berriak berrikuntza erabatekoa dakar. Harridura eta miresmena sortzeko egin da eta baita sortu ere. (…) Ordenagailu bikaina da, nahiko ahaltsua eta desein berritzailekoa. Ez naiz urtu beronen lilurapean, baina ikaragarri gozatu dut erabili dudan bitartean”. (The Wall Street Journal).
  • Charles Haddad. “Baliteke Applek ez irabaztea inoiz Microsofti eta Inteli prezioetan eta produkzioan, baina bilatzen bazabiltza ordenagailu bat harrigarria deseinean, erabilterraza, probetxuzkoa eta gozada hutsa dena, orduan Apple duzu errege”. (BusinessWeek)
  • David Futrelle. “Benetako kontua izango da ea iMac gai den inor erakartzeko bere jarraitzaileetatik kanpo. Hau da, ea iMac berria benetan den jendearen gustukoa eta bezero berriak irabazteko gauza bere aurrekoa bezala, edo porrot dotore bat, Applen kubo zoritxarrekoa bezala”. (Business 2.0)
  • Dave Wilson. “Pentsa dezakezu jendeak zelango itxaropenak zituen Applek iragarri zuenean aurkezpena hainbesteko zaratarekin. Eta zer aurkitu zuen? Ordenagailu bat zure ahotsarekin kontrola dezakezuna? Kaxa bat kontrolatzen dituena etxeko aparailu guztiak? Eskuko ordenagailu berri bat? Bada, ez. Ordenagailu bat zen, pantaila lau batekin, beso mugikor baten gainean. Tresnarik egokiena… ospitaleko ohe batean zaudenerako”. (Los Angeles Times)
  • Joe Wilcox. “Lanpa baten antza edukitzeak ez dio lagunduko. Kontua izango da erabilgarria ote den. Malgua bada eta ondo egina, jendeak erosiko du. Ordea, zerbaitek huts eginez gero, desastre hutsa izan liteke, itxura horrekin”. (C/Net).
  • Hiawatha Bray. “Applen iMac-ek itsu-itsuan besarkatu du pantaila lauaren teknologia digitala. Eta hurretik ikusita, emaitza zoragarria da”. (The Boston Globe)

Erantzun

Sartu