Teknologia albisteak

Behingoz katalanen aurretik: weblog katalana jaio da gurearen ondoren

Erabiltzailearen aurpegia
Iban - Sustatu
2002-01-15 : 13:01

Ikusiko zenuten, Sustatuko loturen tokian nola beste helbide bat gehitu dugun eta oso pozik gehitu ere. Katalanez egindako sareko albistegia duzu PuntBarra . Beraien weblog-era sartuz gero gurearen antzerakoa dela ohartuko zarete.

Zanpatu PuntBarra eta Benvinguts a PuntBarra.COM mezua agertuko zaizue. Katalanez egindako webloga da eta hamaika gai tratatzen dituena albistegi eran. Zinea, kontzertuak, informatika, interneta… beharbada publiko zabalago batera heldu gura duten seinale. Aspaldian badirudi, weblogak modan jartzen ari direla. PuntBarra Sustaturen antzerako webgunea dugu. Gurea Zope-rekin eginda dago, eta katalanek PostNuke softwarea aukeratu dute albiste-gune honetarako.

Behingoz, euskaldunak katalanen aurretik, ze, oro har, Katalunian gurekin alderatuta aurreratuta daude Internet munduan. Hala ere, Puntbarra, katalan hutsez egindako gai zabaleko lehen webloga, gurearen ondoren jaio da. Beste alor batzuetan, weblog tekniko samarrak bazeuzkaten lehendik ere, hala nola Cat-Linux sistema eragile librearen ingurukoa.

Dagoeneko PuntBarra-k jaso du Sustatu haren kidekoaren esistentziaren berri albiste honetan. Gainera, gureganako lotura ere jarri dute beren gunean, Slashdot eta Barrapuntoren ondoan (ez da gutxi!). Gune hauek izen erlazionatua dute, informatikan askotan erabiltzen diren marra (slash) eta puntua (dot).

Hori baino lehenago ere, Vilaweb gune ezagunak ere eman zuen katalanez Sustaturen jaiotzaren berri, beste berri honetan.

Erantzun

Sartu