Teknologia albisteak
1

Deba bailarako Futbol taldea eta Euskal Herriko liga

Erabiltzailearen aurpegia
Diego Martiartu eta Ander Elortondo - Putzyklub
2002-01-11 : 11:01

Gabonetan turroiekin batera datorkigu euskal selekzioa. Guztiz erreal zale ez den, ezta athleticzale ere, deba bailaratik, Euskal selekzio horren benetako osagarri izango den euskal ligaren proposamenaren lehen hazia dakargu.

DEBA BAILARA F. KLUBA ETA EUSKAL HERRIKO FUTBOL TXAPELKETA NAZIONALA

Orain hurrengoan Euskadi-Ghana neurketa ikusi izanak bidea eman dit Euskal Herriko futbol txapelketa balizko batez gogoeta egiteko. Selekzioaren urtean behingo agerraldiari positiboa baderitzot ere, bada garaia, nire ustez, aurrera pausuak egiteko. Eta hurrengo urratsa Euskal Liga Txapelketa antolatzea izan litekeelakoan nago. Nik neuk behintzat premia hori sentitzen dut aspalditik; ez bakarrik eraikuntza nazionala ardatz hartuta, baita Debagoieneko futbolzalea naizen aldetik ere. Kontua da ez dudala neure burua ez Athleticzale ez Realzaletzat inoiz hartu. Eta munduan egoteko era sustarbako hau beste lagun batzuei ere igarri diet, hemen bertan, Arrasaten, eta Aretxabaletan ere bai, eta Eibar aldean... Adierazgarria da benetan Deba arroko herrietan gertatzen dena: zalegoa bitan banatuta dago, erdia Atheticeko eta beste erdia Realeko. Argi dago hemen, Deba bailaran, ez dagoela futbol talde batekiko identifikazio garbirik. Izan ere, gu ez gara bizkaitarrak, baina giputzak ere ez. Erabat logikoa da Gernikakoak Atheticzaleak izatea, eta Lizarrakoak Osasunazaleak, eta Tolosakoak Realzale... Baina guk, Deba ibarrekook, ez daukagu futbolerako erreferente garbirik, euskal selekzioa edo gure herriko taldea ez bada. Baten bati txorakeria irudituko bazaio ere, hemen planteatu gura dudana Deba Bailara Futbol Club-a eratzeko beharra da. Ezin dugu bihotza bi, hiru edo lau zatitan hautsita jarraitu. Bihotzeko talde bat eta bakarra behar dugu, Deba bailarakoa. Horrek bailara osoaren kohesioa ekarriko luke, Deba ertzeko herrien arteko lankidetza, bizikidetza sanoa. Mikel Irizar jauna aspalditik dabil Deba bailaran ekimen bateratuak egin guran, komunikabideen arloan, enpresen arloan, azpiegituretan... baina uste dut gauzarik inportantenak ihes egiten diola: futbolak, alegia.

Kontua zera litzateke: Deba bailarako jokalariak batu eta alineazio potente bat egin. Orain boteprontoan izen hauek datozkit burura:

Atean: Imanol Etxeberria eta Mondragon kolonbiarra (zilegi bekit Deba bailarako jatorriko atzerritarrak ere sartzea), Urtzi Amiano...

Atzelariak: Aitor Lopez Rekarte, Aguxtin Arantzabal, Gurrutxaga, Jabi Olaizola, Jon Urzelai, Mikel Etxabe, Egurbide...

Erdilariak: Igor Arenaza, Barkero, Oskar Santor “Golo”...

Aurrelariak: Joseba Etxeberria, Oxel Apraiz...

Entrenatzailea: Iñaxio Kortabarria.

Lehendakaria: Juanito Zelaia.

Prestatzaile fisikoa: Xanti Idigoras.

Fisioterapeuta: Pako Bedia.

Managerra: Andoni Zubizarreta.

Sponsorra: Fagor.

Ekipazioa: Astore.

Goiko zerrenda orientatiboa da, baina nago talde honek, edo antzeko batek, zeresan ugari emango lukeela Europan bertan ere. Eta nire ustez, borondatea jarriz gero egingarria da. Dena hastea da, eta hasiak egina dirudi, eta eginak urre gorria. Deba bailarak betidanik izan du holako ekimenak abian jarri eta sendotzeko kemena. Pentsa, Eibar eta Arrasateko hiriguneak futbolak lotuta, errepublikar sutsuak eta kooperatiben sortzaileak bat eginik!

Hasteko Deba bailarako taldea eratu eta lagunarteko partidu bat lotzea komeniko litzateke: Deba bailara-Barcelona, edo Deba bailara-Manchester, edo Deba bailara-Galatasarai... Parra dio. Behin partidu horri oihartzuna eman eta gero, Euskal Herriko eskualde guztietan txanpinoiak legez sortuko lirateke taldeak: Donostia, Durangaldea, Baiona, Erribera, Iruña, Maule, Gasteiz, Goierri, Enkarterriak, Sakana... Horra hor, Euskal Futbol Txapelketa Nazionalaren hazia. Hogeitsu talde handi, sekulako txapelketa lehiakorra, Chanpions Leaguera edota UEFAra burua tente joateko modukoa!

Badakit, jakin, hau ezin dela egun batetik bestera egin. Esandakoa: hasteko, Deba bailarako taldea sortu eta partidu bat antolatu, Deba bailara-Arsenal, esaterako. Gero, behin Euskal Herri osoan eskualdekako taldeak sortu ostean -hogei edo-, kanporaketa bidez erabakiko litzatekeen txapelketa eratu, uda partean; bost futbol taldek osatutako lau multzo, elkarren artean jokatu eta lehen biak sailkatuta. Ondoren, talde bakoitzean sailkatutako lehen biak elkarrekin gurutzatu, finalerdiak... mundialean bezala. Eta politto-politto txapelketa nazionalari gero eta oihartzun gehiago eman, Euskal Herrian nagusi eta bakarra izan arte.

Badukegu zer irabazi Deba bailarako futbol taldeaz, bai horixe! Alde batetik, gure bihotzeko taldearen jaiotza litzateke, eta bestetik, eraikuntza nazionalari ekarpen itzela egingo genioke.

Diego Martiartu eta Ander Elortondo.

Erantzunak

Mikel Irizar
2002-01-11 : 21:29

Porralusiones edo tokatzen zait zerbait esatea, eta hemen doa. Futbolaz ahaztu izanak zerikusirik izango du nire zaletasun eskasarekin. Baina egia da komunitate bat ez dela erabatekoa futbolaren inguruan bateratzen ez den arte. Beraz, nire aldeko botoa zuen proposamenarentzat. Eskema eta partaideen zerrenda landuak dituzue, eta selekzioarentzat Debarroft izenaren alde egingo nuke. Bi erreek erro arraziala ematen diote eta 'oft' amaierak, 'futbol talde' adierazteaz gain, puntu kosmopolita ere badu. Animo, eta kontatu nirekin!



Mikel Irizar



Erantzun

Sartu