Ikusi, ikusi iMac berria: harrigarria
Aste honetako Time aldizkariak argitara ekarri du, justu astebete lehenago, Apple enpresak sortu duen iMac ordenagailu berria. Ez dauka zerikusirik artikulu hau idazten ari naizen iMac arrauzkara urdinarekin. iMac berriaren garunak G4 prozesadore eta guzti esferaerdi batean daude sartuta, eta hau metalezko lepo batek lotzen du pantaila lauarekin. Ikusi besterik ez duzue artikulu honi atxikita doan argazkian.
Zur eta lur geratu naiz. MacCentral aldizkari elektronikoan sartu naizenean, horixe ikusi dut lehenengo: iMac berria, aste honetako Time astekariaren azalean. Harrigarria! Nire iMac urdina zaharkin dotore bihurtu zait, nahiz eta joan den maiatzean erosi nuen.
Time aldizkariaren artikulua luzea da, baina ez du xehetasun larregirik ematen iMac berriaren gainean. Antza denez, ordenagailuaren esferaerdia 26,4 zentimetro da diametroan. Lepo metalikoa, ostera, oinarria eta pantaila laua lotzen dituena, okertu egin daiteke, nahiz eta angeluari eutsi. Kanadan 1.300 eta 1.800 dolar balioko du ordenagailuak, baina oraindik ez dago argi horiek dolar amerikarrak diren edo kanadiarrak.
DVD grabagailua eta iPhoto programa berria
Dena ez da deseina, ordea. iMac berriak DVD-RW grabagailua ekarriko du modelorik garestienean eta honek DVD diskoak grabatu ahal ditu. Uztartuz gero, beraz, iDVD eta iMovie programak (hau ere iMac guztietan etortzen da), nork bere filmak grabatu eta edita ditzake. Baita ikusi ere DVD kontsola bat edukiz gero. Orain artean oso goi mailako ordenagailuetan soilik saltzen zuen Applek DVD grabagailua. Steve Jobs enpresako lehendakariak esan duenez, berriz, urtebete barru makina guztiek eramango dute.
Horrezaz gain, iMac berriak programa erabat berria ekarriko du: iPhoto, argazki digitalak sailkatu eta manipulatzeko aplikazioa. Itxura guztien arabera, programa hau ere oso erabilterraza da.
Berrikuntza hauek guztiak MacWorld Expo erakusketan kaleratzekoak ziren, baina Time aldizkaria aurreratu. MacWorld Expo hau San Frantziskon egingo da, urtarrilaren 7tik 11ra bitartean. Egun horietan Mac sistema eragilearekin lan egiten duten enpresek eta profesionalek aukera izango dute hitzaldiak entzun eta erakustaldiak ikusteko. Hain zuzen ere, urtarrilaren 7an, goizeko 09:00etan Steve Jobs-ek hitz egingo du, Apple enpresako sortzaile eta lehendakariak. Berak aurkeztuko omen ditu modu ofizialean Time aldizkariak aurreratu dituen berrikuntza hauek.
Erantzunak kargatzen...