Azpeitiko Uztarria Kultur Koordinadorak, uztarria.com, Azpeitiko ataye! izeneko webgunea jarri du martxan. Webgunea, herriko informazioa lantzeko prestatu duen komunikazio proiektu zabalago bat osatzera dator. Komunikazio proiektu honek, hiru adar ditu: herri-aldizkaria, herri-liburuxkak eta, orain, herri-webgunea. Webgunearen helburu nagusia, esaldi edo lelo honekin laburbildu dugu: komunikaziorako tresna dinamikoa.
Gauza dexente ditu webgune berriak, eta onena, klaro, bertara jo eta ikustea izango duzue. Webgunearen helburu zehatzak eta arlo teknikoa ere ikusgai dituzue bertan.
Dena dela, laguntza modura, hona atal nagusien deskribapen txiki bat:
Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadorak landu eta garatu du webgunea, eta bera arduratuko da era berean, bere edukietaz. Horretarako, edukietaz arduratzeko alegia, beharrezko diren bitarteko guztiak jarriko ditu.
Hasiera-hasieratik herri-informazioaren alorra lantzea izan da Azpeitiko Uztarria Kultur Koordinadoraren helburuetako bat, eta horretarako atera zuen hilabetekari modura herri-aldizkaria ere. Dena dela, herri-aldizkaria berritzeko eta komunikazio proiektu zabalago baten beharra sumatzen genuen. Azterketa haren ondorioz sortu dugu webgunea eta erabat berritu herri-aldizkaria bera.
Eguneroko berri txikiak zabaltzeko, batipat webgunea erabiliko dugu hemendik aurrera. Hor kokatuko ditugu azken albisteak, eta gainera, herriko kultur talde, gizarte eragile, enpresa, erakunde publiko... eta abarrek sortzen dituztenez albiste hoiek, eurei eskainiko zaie informazio hori zuzenean sartzeko aukera. Uztarriak moderatzaile papera besterik ez du izango kasu hoietan. Berdintsu gertatuko da agendaren kudeaketarekin ere. Bestalde, sortzen den materiale guztiaren biltoki papera ere beteko du uztarria.com-ek.
Aldizkariak, aldiz, informazio landuagoa izango du helburu. Erreportaia selektiboagoak, iritzi sail zabalagoa, eztabaida sakonagoak, atzera begirako informazio gehiago... Hilabetekari denez gero, aproposagoa deritzogu horrelako informazio-mota lantzeari.
Azkenik, liburuxkak argitaratzen ere jarraituko du uztarriak. Iaz bi liburuxka (biografiko) atera zituen, eta aurten ere beste bi ateratzeko asmoa du.
Code & Syntax-etik, zorionak Uztarria!
Webgunearen makinaria ez da kanpotik ikusten, baina ederki doitu du Josu Azpillaga informatikariak. Material ona zeukan: Zope aplikazioak korritzen du Uztarria.com-en tripetan. Sustatu-ren azpiegitura berbera da, software libre eta doakoa. Ereduaren aldetik ere, modu garden eta automatikoan (informatikariei eta grafistei deitzen ibili gabe) elikatzen eta eguneratzen den webgunea da.
Baina, hara!, Code & Syntax-ek eraiki ez duen lehen euskal zopegunea da hau. Eta pozten gara. Elkarri kopiatzeko aukerak izango ditugulakoan, agur!
Azpeitiarrok zorioneko gaituk. Iosu bezelako jendeari esker duela gutxi imajina ere ezin genian ikaragarrizko komunikazio tresna diagu eskura.
Animo Uztarriakook!