Sustatu logoa Teknologia albisteak

Gabon hauetan gehiago saldu da Internet bidez

Joxe Aranzabal - HUHEZI
2002-01-03 14:01

Aurtengo Gabonetan 6.600 milioi dolar saldu omen dira Internet bidez, iaz baino %36 gehiago. Hori kontuan hartu barik zenbait lekutan Gabon sasoia oraindik ez dela amaitu (Errege Magoak, etab.). Horixe dio Bizrate.com webgune espezialduak. Erabiltzaileak ere diru gehiago gastatu du batez beste: iaz 112 dolar; aurten, ostera, 126. Irabazlerik handienak Amazon.com liburudenda birtuala, Yahoo! ataria eta MSN omen dira.

Euskaldunok oraingoz ez dugu nahi izaten Internet bidez erosterik. Aurreko batean hementxe bertan eman genuen horren berri. Baina munduan zehar gero eta jende gehiago ari da sarea erabiltzen gauzak erosteko. Aurtengo Gabonetan, esaterako, iaz baino gehiago saldu omen da. Eta hiru etxe nabarmendu dira lan horretan: Yahoo!, Amazon eta MSN.

  • Yahoo! Milaka denda iragartzen dira atari honetan. Eta ez doakio bat ere txarto, salmentak %86 hazi dira-eta aurten atari honetan. Gairik salduenak izan dira bideojokoak, kamera digitalak, ordenagailu eramangarriak, jostailuak, arropa, oinetakoak eta arropa zuriak.
  • Amazon.com 38 milioi produktu saldu omen ditu Gabon hauetan, %23 gehiago iaz baino. Tartean Harry Potter-ekin zerikusirik duten 450.000 liburu eta produktu. Baita Shreck filmaren 150.000 bideo kopia, VHS eta DVD formatuetan.
  • MSN Microsoften sareak ere asko saldu du Gabonetan, iaz baino %56 gehiago. MSNk lan egiten du Yahoo!-k bezala: ehuneko hainbat kobratzen die bere webgunean aterpetzen diren dendariei, salmenten arabera.
Jarraitu gaitzazu