Walter S. Mossberg kazetariak gogor kritikatu ditu Microsoft eta AEBetako Justizia Departamentua The Wall Street Journal egunkarian. Mossbergen ustez, Microsoftek urrats handiak egin ditu 2001ean hainbat aplikazio eta zerbitzu bultzatzeko Windows sistema eragilea aprobetxatuz. Lehiakideak nahi zituen zokoratu eta monopolio moduan jokatu du, Justizia Departamentuak ez ikusiarena egin duen bitartean. Berezoak galtzaile.
Walter S. Mossberg orain hamar urte hasi zen idazten etxeko informatikaz The Wall Street Journal egunkarian. Gaur egun bera da bere herriko ahotsik errespetatuena alor horretan. Astero-astero idazten du Windows, Unix, Linux edo Applen gainean, nahiz Palm, Sony eta gure etxeetan erabiltzen ditugun beste gailu elektronikoei buruz.
Kazetariak gogora ekarri du epaileek behin eta berriro erabaki dutela baita onartu zutenean multinazionala ez zatitzea ere Microsoft monopolioa dela eta monopolioen aurkako legeak hautsi dituela, bere nabigatzailea Windows sistema eragilean txertatu duenean beste nabigatzaile batzuk jokoz kanpo uzteko. Auzitegiak esan zuen, dio Mossberg-ek, Microsoftek ezin duela Windows diseinatu kontsumitzaileen aukerak murrizteko. Epaileek ontzat eman zuten Windowsi aplikazio eta ezaugarri berriak eranstea, non eta ez diren gehitzen konpainiaren monopolioari eusteko.
Microsoften erantzuna: Windows XP sistema eragile berria sortu eta ezaugarri berriz bete, ziurtatzeko gaur egungo monopolioak segida izango duela Interneten oinarritutako zerbitzuen guduan, hortxe jokatuko da-eta, kazetariaren ustez, hurrengo borroka. Adibidez, Winfows XP sistemak aukera ematen du berehalako mezularitza erabiltzeko , baina ez konpetentziaren zerbitzuekin. Nahiago duenak erabili AOLen zerbitzua Windowsetik irten barik jai du, Microsoftek itxi egin ditu-eta horretarako aukera guztiak.
Honen aurrean uste izatekoa zen Justizia Departamentuak erantzun egingo zuela monopolioaren aurka, baina ez. Nire iritziz, amaitzen du Mossbergek, txarra da kontsumitzaileontzat Justizia Departamentuak Microsoften auziari eman dion konponketa. Ez ditu bermatzen kontsumitzaileon aukerak. Gure auzitegiak ez lirateke ahalegindu behar Microsoft desegiten edo gobernatzen. Baina behartu beharko lukete software monopolioa kontsumitzaileen aukerak zabaltzera bere sistema eragilearen barruan. Zoritxarrez, 2001ean ez da horrelakorik gertatu.
Erantzun
Sartu