Teknologia albisteak

Harry Potter-en ama isilpean ezkondu da

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - HUHEZI
2001-12-31 : 02:12

JK. Rowling Harry Potter pertsonaiaren sortzailea abenduaren 26an ezkondu zen isilpean Neil Murray doktorearekin, bikoteak Eskozian duen etxean. Horrela jakinarazi du CNN telebista kateak. Harry Potter idazten hasi zenean, J.K. Rowling banatuta zegoen eta alaba bat zeukan: Jessica. Gaur egun, eta Harry Potteri esker, Britainia Handiko emakumerik aberatsenetako bat da.

JK. Rowling andre gaztearen bizitzak maitagarrien ipuin batena dirudi. Lehen aldiz ezkondu eta gero, bereiztu egin zen senarragandik eta Jessica umetxoarekin geratu zen, txakur txikirik barik. Edinburgeko etxebizitza batean bizi zen umetxoarekin eta gizarte laguntzatik jasotzen zuen dirua, ez zuen-eta lanik. Hasi zen idazten Harry Potter eta Sorgin-harria kafetxe bateko mahai batean , umearen siestak aprobetxatuz.

Eta Harry Potterek atera zuen zulotik: sekulako arrakasta izan zuen Atlantikoaren alde bietan, ondoren beste hiru liburu kaleratu zituen, milioika ale saldu dira mundu osoan eta oraindik orain lehen filma kaleratu da, hau ere izugarrizko arrakasterekin. J.K. Rowling emakume aberatsa bihurtu da, Britainia Handiko aberatsenetako bat, eta maitasuna aurkitu du berriro. Orain urtebete Neil Murray anestesista ezagutu zuen eta maitemindu. Eta orain bost egun, ezkondu egin ziren.

JK. Rowlingek esan du Harry Potterek zazpi liburu izango dituela eta dagoeneko badakiela zazpigarrena nondik nora joango den. “Harry Potteren historia onaren eta gaitzaren arteko borroka etengabearen historia da lehen liburutik zazpigarrenera, eta beldur naiz protagonista nagusien artean baten bat hilgo ote den”, esan berri du egileak.

Euskaraz Harry Potteren hiru liburu argitaratu dira dagoeneko, Sustatun esan genuen moduan Iñaki Mendigurenek euskaratu ditu denak eta dagoeneko hasita dago laugarrena ere itzultzen: Harry Potter eta Suaren Kopa. Ondo bidean, 2002ko abenduarako kalean izango da.

Harry Potter euskaraz

  1. Harry Potter eta Sorgin-harria.
  2. Harry Potter eta Sekretuen Ganbera.
  3. Harry Potter eta Azkabango Presoa.
  4. Harry Potter eta Suaren Kopa. (itzultzen).

Erantzun

Sartu