Kaliforniako epaile batek debekatu egin dio Adobe Systems Inc. enpresari saltzea InDesign deseinerako programa, urratu dituelakoan Trio Systems enpresaren egile eskubideak. Beraz, Adobek ezin izango du saldu Estatu Batuetan InDesign 1.5 eta ezta Adobe Design Collection delakoa, honen eskaintzaren barruan InDesign ere sartzen delako. Trio Systems enpresak ehunka milioi dolar eska diezazkioke Adoberi, pirateoaren aurrean legez jokatzeko eskatzen duen enpresari hain zuzen ere.
Ehiztaria ehizatua? Hala dirudi MacCentral aldizkari elektronikoaren albiste hau irakurriz gero. Aurten bertan Adobek espetxera bidali zuen Dmitry Sklyarov programatzaile errusiarra Las Vegasen azaldu zuenean nola deskodetu zuen Adoberen e-Book irakurgailua, doako programa bat egiteko gormutuentzat.
Orain Kaliforniako epaile batek debekatu egin dio Adoberi berari InDesign programa saltzea, ustez urratu dituelako beste software egile baten egile eskubideak, Trio Systems enpresarenak hain zuzen ere. Epaileak azaldu duenez, Adobek hitzarmen bat sinatu zuen Trio Systems enpresarekin eta hitzarmen hartan konpromisoa hartu zuen bere programetan ez zuela jarriko azken honen C-Index datu baseetarako motorra. Hala ere, InDesign programak C-Index du bere baitan.
Epai honen ondorioz, Adobek ezin izango du saldu Estatu Batuetan InDesign 1.5 programa. Ezta Adobe Design Collection delakoa, honek ere InDesign eskaintzen duelako. Edonola ere, jarraituko du saltzen bai Europan eta bai Ekialdean ere, eremu horietan epaile amerikarrak ez baitu eskumenik. Hala ere, debekuak gutxi iraungo du, laster dator-eta InDesign 2.0 berria, eta bertsio honek ez omen du Trio Systems enpresaren softwarerik.
Adobe Systems munduko software egilerik handienetako bat da. Berak egiten ditu deseinerako programa hauek: Photoshop, Illustrator, PageMaker, Acrobat, InDesign, GoLive, LiveMotion eta Type Library, besteak beste. Orain arte gogor nabarmendu da era guztietako pirata informatikoen kontra, baina orain bera harrapatu dute. Horren ondorioz, Trio Systems-ek ehunka milioi dolar eska diezazkioke Adoberi.
Erantzun
Sartu