Teknologia albisteak

Evaristo: Gehien aluzinatzen nauena da inozoek aginte postuak lortzeko duten gaitasuna

Erabiltzailearen aurpegia
Sergio eta Leire - Goiena komunikazio zerbitzuak
2001-12-26 : 14:12

La Polla punk-rock taldeko buru moduan ezagutu izan dugu orain arte Evaristo. Egunotan, ordea, beste sorkuntza mota batekin harritu gaitu Evaristok: Por los hijos, lo que sea istorio laburren liburuarekin. Goienkariak ostiralean argitaratuko du elkarrizketa. Dagoeneko oso-osorik Sustatun.

Seme-alabengatik, egin behar dena. Nondik dator izenburua? Aguraingo hainbat jenderen txantxa berezi bat da, eta gure umeak, estra bezala-edo, agertzen dira hor nonbaiten.

Alde handia dago abesti bat edo istorio bat idaztearen artean? Zein distantziara begiratzen dituzun arabera. Egia esan, ipuinetan buru dispertsio handiagoa dago; abestietan, gauza bakoitza hobeto pentsatua dago.

Zelan suertatu zitzaizun argitaratzeko aukera? Istoriotxo batzuk Txalaparta argitaletxera bidali nituen, eta liburu bat egitea proposatu zidaten. Berehala konbentzitu ninduten.

Aurrerantzean, musikari ala idazle moduan ezagutuko dugu gehiago Evaristo? Ni bataiatu ninduen apaizak ere ez nau ezagutzen, hortaz, La Pollako Evaristo izateagatik eta Evaristo idazlea izateagatik “eskakeatu” egingo naiz.

Punketik literaturara salto egite horrekin, bateren batek burges bihurtzen ari zarela pentsatuko duen beldur ez zara? Horixe ez naizela beldur inork nitaz zer pentsatuko duen -poliziak izan ezik.

Etorkizunean, oraindik ezagutzen ez dizugun beste sorkuntza alderdi batekin harrituko gaituzu? Ba, esango dizut… lanean hastea bururatzen ez bazait… Konta iezaguzu orain Bocas diskoaren gaineko zer edo zer. La Pollaren ibilbidean aldaketarik badakar ala hemen eta

Amerika aldean ospetsu egin zaituzten ildotik jarraitzen duzue? La Pollak ezin du ildo aldaketarik izan, ez dakielako, ez daukagu horretarako behar den musika kultura.

Mexikon izugarrizko harrera ona izan du La Pollak, ezta? Bueno, Mexikora behin joan ginen, uste dut 1990ean izan zela, eta oso-oso esperientzia ona izan zen. Orain, ez dakit han ospearen kontua zelan dagoen.

Komunikabideekiko oso kritikoa zara. Ez diezu alde onik aurkitzen; adibidez, zure idazle alderdi hori ezagutzera emateko aukera? Ba, ez, ez dut uste komunikabideek inongo mesederik egiten diotenik munduari. Nire ustez, komunikabideen zeregina hau da: boteretsuen ideiak pobreen buruetan indarrez sartzea. Aditu dudanez, bi banketxe talde handik (BBVA eta BSCH) Estatuko komunikabideak menderatzen dituzte, eta ez hori bakarrik, baita eragin handia duten iritzi emaile asko ere. Aditu dut, era berean, lekuko aldizkari asko dituztela nominan. Baina ez iezadazu jaramon handiegirik egin.

Zer iruditzen zaizkizu lekuko komunikabideak? Lekuan lekukoak direnez, adi egon beharra dute, izan ere, egiten dituztenak irakurtzen dituztenekin bizi dira; hortaz, uste dut ez direla hain ideologizatuak izango.

Zeu ere leku txikietan bizi izan zara. Agurain edo Oinati gurago? Aukeratu egin behar dut?

Esaten dutenez, Oinati oso herri kontserbatzailea da. Ez dakit, nirekin ez da inor sartzen, kontserbatzaileak almibarrean bizi dira?

Esan iezaguzu zerbait zure letren gainean. Bururatu egiten zaizkizu, beste barik, ala buru-belarri lantzen dituzu? Bietatik. Gainera, nire mutur aurrean gertatzen denari kasu handia egiten diot.

Badago zerbait munduan edo gizartean oraindik harritzen zaituenik? Ume txikiek harritzen naute. Ez nago guztiarengatik bueltan, bizitzak ez nau aspertzen oraindik.

Eta badago kritikatzeko gogoarekin geratu zaren gai edo alderdiren bat? Gairik ez, alderdiak, bai; izan ere, gure gizarte hau aurpegi gehiegi dituen munstroa da.

Nondik dator taldearen izena eta zergatik ezabatu zenuten records? Taldearendako izen bila genbiltzanean, mekaguen la polla sarri esaten genuen, eta kasete zintetan Records ipintzen zuen… Records deitzea epaile batek debekatu zigun, eskerrak ez zigula La Polla deitzea debekatu.

Baliteke lehen La Pollako jarraitzaileak izandako batzuek orain Aita Santuaren argazkia izatea bandera nazionalaren barruan. Zer esango zenieke? Tutik ere ez.

Geratzen da benetako punkik ala guztiak postalekoak dira? Punkiak benetakoak dira, besteak postalak dira.

Zelan gogoratzen duzu zure gaztaro alaia eta zelan ikusten duzu gaurko gaztedia? Gogoratu baino, han izan nintzela eta bizitzen ari nintzenaren nahiko kontziente izan nintzela dakit. Gaurko gazteak ni gazte nintzenean baino etorkizun gutxiagorekin ikusten ditut.

Hortaz, etorkizunik ez dago? Ez dago inorendako etorkizunik. Etorkizuna sekula iristen ez den gauza bat da, hobe da orainean izatea, etorkizunetik ez delako inor bueltatzen.

Noiz arte zaude prest agertoki baten saltoak ematen jarraitzeko? Gustatzen ez zaidala ikusten dudan arte.

Zerk aluzinatzen zaitu? Gehien aluzinatzen nauena da gizarteko aginte postuak lortzeko inozoek duten gaitasuna.

Rock izar bat zara? Bai, zera! Izarrek ez dute kaka egiten eta hori txarra da osasunarendako.

Guztiari amen esaten jarraitzen dugula uste duzu? Amen edo ai ene, hor dago gakoa, nahiz eta batzuetan alderantziz joka daitekeen eta goian dagoenak esatea ai ene edo amen (Historian badaude adibideak).

Zer iruditzen zaizu La Pollak hainbeste jende erakartzea kontzertuetara eta Interneteko bilatzaileek 7.000 bat erreferentzia ematea zuen inguruan? Ez duzu zezen bat Txekoslobakiako baletean bezala zineten garaiaren falta sumatzen? Gauza horiei garrantzia ematen badiezu, ez duzu Txekiako ez eta Eslovakiako baletaren faltarik sumatuko.

Erantzun

Sartu