Teknologia albisteak

Laborde lehiaketa: IXA taldearentzat 2. saria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2001-12-17 : 16:12

Informatikari euskaldunen IXA Taldeak 2. saria lortu du Manuel Laborde Werlinden entreprenari lehiaketan. IXA Hizkuntzaren Teknologia izeneko proiektuak 300.000 pezeta eta aholkularitzako milioi bat pezetako laguntza izango du. Lehen saria MAS Consulting proiektuarentzat izan da, Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologia Saileko lantalde batek aurkeztutakoa. MAS Consulting sariaren funtsa, Erakundeetako lantaldeen formakuntza eta eraketa, eredu psikosoziala. Lehen sari honentzat, 700.000 pezeta dirutan, eta 1.5 milioi pezeta aholkularitzan.

Manuel Laborde Werlinden sarien lehen edizioa izan da gaur Donostian erabaki dena. Antolatzaileak EHUko Gipuzkoako Campusa eta BIC-BERRILAN Enpresen eta Berrikuntzaren zentro europarra izan dira. Bi erakunde hauen artean garatu eta kudeaturiko ENTREPRENARI Programaren helburua EHUren barnean enpresa ekimenak eta enpresa berrien sorkuntza sustatzea, aholkatzea eta sostengatzea da, eta horren parte dira Laborde sariak.

Sariaren deialdian publiko egin ziren oinarri eta testuetatik honako hauek atera ditugu:

Sariaren erakunde laguntzaileak honako hauek dira: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN Ekonomia eta Turismo Departamendua, S.P.R.I., BIC-BERRILAN, Eusko Jaurlaritzako Justizi, Lan eta Gizarte Segurantza Saila, DIARIO VASCO eta EHU.

Sari honen bidez sustatu eta ezagutarazi nahi diren baloreak enpresa ekimena eta berrikuntza dira, berrikuntza teknologikoa bereziki azpimarratuz.

ENTREPRENARI Programaren filosofiari jarraituz, sormena eta teknologiazko eraberriketa eragiten duten jarduerak bermatu nahi dira, Euskal Herriko industri ehunaren modernizazioa bultzatu, berrikuntzaren kultura hedatu... Labur esanda, Unibertsitate ingurunetik abiatuta gizartean gauza daitezkeen asmo guztiei ateak zabaldu eta enpresa bihur litezkeen ideia guztiei bideak ireki nahi zaizkie.

Honako proiektu hauek hartuko dira berritzailetzat:

  • Oinarri teknologikoa duten enpresa berriak
  • Industriarako zerbitzu aurreratuak eta/edo berriak diren sektoreetara zuzenduak.

HELBURUAK

  1. - Unibertsitate inguruan ideia eta enpresa berritzaileak sustatu.
  2. - Unibertsitarioen artean enpresa kultura sostengatu eta hedatu.
  3. - Enpresa berriak sortu eta garatzeko Unibertsitatearen ahalmen berritzaileaz baliatu.
  4. - Gure ingurunean enplegua sostengatzeko formula berriak suspertu.

NORI ZUZENDUA DOA

  • EHUko irakasle eta ikertzaileei.
  • EHUko tituludunentzat, graduatuentzat edo azken ikasturteko ikasleentzat.

Enpresa ekimen berrietarako ideia berritzaileak dituztenek eta beren ideiak Gipuzkoako Lurralde Historikoan hezurmamitzeko borondatea dutenek eskuhar dezakete, banaka edo taldean.

SARIA

Sariaren zati bat dirutan emango da. Beste zatia ondoko zerbitzu hauetan gauzatuko da:

  • Ekimenaren Bideragarritasun analisia eta Enpresa Plana burutzea.
  • Azpiegitura operatiboa.
  • Start-up garaiko sostengua: finantzaketa bilatzea eta kudeatzea, jarduera lekutu eta hastea.
  • BIC-BERRILAN-eko aditu eta inbertitzaileen pool-erako sarrera.
  • Enpresen kudeaketarako prestakuntza.

Erantzun

Sartu