Sustatu logoa Teknologia albisteak

EuskaraZ zerrendaren errautsetatik, bi zerrenda berritu

Honako erabakiak gauzatu ditugu azken aste hauetan:

  1. EuskaraZ zerrenda moderatugabearen jarraipena ziurtatzea.
  2. UEU-ren ardurapeko zerrenda moderatu bat antolatzearena.

EuskaraZ zerrenda moderatugabearen jarraipena

Helburu hori betetzeko, zera egin du UEUk.

  1. Zenbait lagun eta erakunderekin harremanetan jarri EuskaraZ zerrendaren ardura inork hartu nahi ote zuen jakiteko.
  2. Proposamenak jaso helburu berarekin.

Azkenean, jasotako proposamenen artean EuskaraZ zerrenda moderatugabeak jarraipena izan dezan lana hartuko duena aurkitu dugu: Aitor Lopez de Aberasturi, Kaixo! atariaren arduraduna.

Honek zera esan nahi du praktikan:

  • Harpideduden zerrenda emango zaio Aitorri (EuskaraZ-eko mezuak jasotzeko bakoitzak erabiltzen zuen e-posta helbidea).
  • Helbide horiekin, zerrenda bat berrantolatuko du Aitorrek.

GARRANTZITSUA: Norbaitek ez balu nahi bere helbidea Aitor Lopez de Aberasturiren eskuetan utzi, ASTEBETEKO EPEA zabaltzen da orain EuskaraZ zerrendatik baja emateko. Prozesu horren amaieran gelditzen diren harpidedunen helbideak emango zaizkio Aitor Lopez de Aberasturi.

Jarraitu nahi dutenen helbideekin sortuko du zerrenda Aitorrek, eta konpromezu hauek hartu ditu horretarako:

  • EuskaraZ zerrenda euskara hutsez mantenduko du.
  • Mezuetan ez da lehen baino propaganda gehiago jarriko (edo ezer ez).
  • Harpidedun horiei ez zaie zerrendaz aparteko beste informaziorik bidaliko.

UEU-ren ardurapeko zerrenda moderatua

Agindutako urrats hau betetzeko, UEUk bere barne jardueran Zerrenda Zerbitzua sortu du. Zerrenda Zerbitzuak UEUkideen barne-zerrendak (orokorrak eta sailkakoak) antolatuko ditu, eta zerrenda moderatu ireki bat ere sortuko du.

Zerrenda berriaren izena Uztargi izango da.

Azpiegituraren aldetik Uztargi, oraingoz, Yahoo Groups zerbitzuaz baliatuko da: http://groups.yahoo.com/group/uztargi . Aurrerago, etxe komertzial baten esku ez dagoen azpiegitura tekniko propioa izateko ahaleginetan badihardu dagoeneko UEU-k.

Uztargi-ren funtzionamendu irizpideak honako hauek izango dira. Uztargi zerrenda moderatua izango da.

UZTARGI-REN MODERAZIO IRIZPIDEAK

Uztargi zerrenda gai hauen inguruan jarduteko sortu da:

  • Bere esparru zabalenean euskararen errealitateaz aritzeko, berau zabaltzeko edota zehazteko : hezkuntza, lan-mundua, administrazioa, produkzioa, erabilera....
  • Euskalgintza eta euskararen inguruan suertatzen diren ekimenen berri izateko zein informarazteko.
  • Kultur jardueren berri emateko zein jasotzeko.
  • Irizpideekin bat egiten duten iritzi eta informazioaren elkar-trukaketarako.

Zerrenda moderatua da eta gai horietara atxikitutako mezuak soilik onartuko dira, mezuak moderatzaileen galbahetik iragazi ondoren.

Gai horiekin zerikusi zuzen-zuzena ez duten mezuak ere onartzen dira, harpidedunen interesekoak direla uste bada. Adibidez, informazio edo laguntza trukea helburu duten mezuak ere onartuko dira, ekarpen interesgarritzat jotzen badira. Era berean, zerrendakideen arteko harremana estutzeko balio dezaketenak onartuko dira, noski. Esate baterako, "Londresera joan nahi nuke eta kontaktuak..." edo "zerrendakideen arteko bilkuratxo bat egitekotan...".

Uztargi zerrendaren jardunean, harpidedunek elkarrenganako gutxieneko errespetu batekin jokatu eta idatzi beharko dute. Mezuak zerrendaren gaiei atxiki arren, ez badira errespetukotzat jotzen, ez dira banatuko.

Era berean, ez da onartzen artxibo erantsirik mezuetan. Kasu honetan, mezuak ez dira berez atzera botako. Galbahe automatiko batek artxibo erantsiak ezabatu egingo ditu. Birusen zabalkundea ebitatuko da honela.

Euskarazko zerrenda da Uztargi. Erdaraz idatzitako mezuak ez dira onartuko. Euskarazko mezu batean, beste nonbaitetik jasotako erdarazko testuren bat agertzen bada, onargarria da mezu hori, baina erdarazko testuaren gaineko komentarioak eta jarduna euskaraz izango da.

Iristen diren mezuak irizpideotara moldatzen diren edo ez, moderatzaileek beraiek erabaki beharko dute hori, irizpideen izpirituarekin, harpidedunen nahiekin eta UEUren interesekin zintzo jokatuz. Ez dira egongo behartuta erabaki horien azalpen publikoak ematera. UEUren aurrean bakarrik erantzungo dute.

Mezuen iragazpena kontrolatzeaz gain, moderatzaileen zereginak izango dira beste hauek ere:

  • Adierazpen askatasuna ziurtatzea zerrendan, errespetuzko mezu-trukea bermatuz
  • Sor daitezkeen arazoei aurre egin: adibidez, sabotaje saiakerak, edo spamatzaile eta erasotzaileen infiltrazioak.
  • Zerrendaren etorkizunaz arduratu, ez dadin hil.

Jarraibide hauek jala eskatzen badute, mezuak moderatzeaz gain, moderatzaileek indarrean dauden harpidetzak moztu ahal izango dituzte.

Moderazio irizpideak ez dira zerrendako eztabaidagaitzat hartzen. Harpidedunak libre dira jarraibide hauekin ados ez egoteko, eta, hortaz, libre dira halaber beste posta-zerrenda batzuk sortzeko, zuzenagoak iruditzen zaizkien jarraibideekin (Interneten doako baliabiderik ez da falta halakorik egiteko).

UEUren Zerrenda Zerbitzuak unean-unean enkargatuko dio moderazioa egoki irizten dionari.

Uztargi-n harpidetzeko

Uztargi-n harpidetzeko, lehenengo eta behin, EuskaraZ eraberrituarekin bezala jokatuko dugu.

ADI BERAZ, HONI: ASTEBETEKO EPEA irekitzen da jarraitu nahi ez duenak baja eman dezan EuskaraZ zerrendatik. Prozesu horren amaieran gelditzen diren harpidedunen helbideak Uztargi zerrendan apuntatuko ditugu, galbahe batetik iragazi ondoren. Zera izango da galbahe hori:

  • Yahoo Groups-eko harpidetza hobespenen artean, Digest formatuan jasotzen zutenak EuskaraZ (eguneko mezu guztiak batean bakarrik bildurik), Digest formatuan harpidetuko ditugu Uztargi-ra.
  • Yahoo Groups-eko harpidetza hobespenen artean, "No Mail" eran harpidetuta zeudenak (alegia, web bidez irakurtzen zituzten mezuak mezurik jaso gabe), ez ditugu harpidetuko Uztargi-ra. Horren ordez, gonbidapena jasoko dute.

Aukera dute harpidedunek gaurdanik hasten den astebeteko epean, beren harpidetza mota "No Mail" edo 'Digest" moduetan egokitzeko. Horretarako, Yahoo-n erregistratuta egon behar dute, bestalde. Esan dugun bezala, harpidetza eteteko aukera ere izango dute.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu